Euskaraz gara, eta euskaratik egiten dugu bidea

(Josu Labaka Euskara zinegotzia) 2015ko abe. 3a, 11:59

Euskarak 365 egun ditu, baina abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Eguna. Ospakizunean, egindako bidearekin eta lortutakoarekin pozik ageri dira asko. Beste askorentzat, aldarrikapen eguna da, oraindik egiteko bide luzea dagoelakoan, eta topa eginez ezer ospatzeko moduan ez gaudelakoan. Udalerri euskaldunetatik, euskararen arnasguneak garen heinean, biak ederki ulertzen ditugu.

Batetik, munduari euskaraz garela gogoratzeko eguna baita abenduaren 3a. Euskaraz aritzearen eta euskaldun izatearen harrotasuna erakusteko eguna. Euskara gure herriaren oinarrizko orubea da, gure hizkuntza denez, munduari begiratzeko daukagun leihoa eta mundura zabaltzeko daukagun atea baita. Euskaraz gara, eta euskaratik egiten dugu bidea, eguneroko lanean eta bizitzan.

Mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi gure ahoraino heldu den hizkuntzak, ordea, ez du ibilbide samurra izan, eta gaur egun ere, oraindik, artaziak hurbil sumatzen dituzte euskaldun askok beraien herrietan, ofizialtasunik gabe eta euskaraz aritzeko inolako erraztasunik gabe.

Udalerri euskaldunetan bestelakoa da egoera. Legez ofiziala da euskara, euskaraz modu naturalean aritzen gara, oraindik ere nahi baino esparru gehiagotan zailtasunak eta oztopoak ditugun arren. Horri aurre egiteko lanean segitzea dagokigu, zenbaitek larrekoa nahi duten hizkuntza noranahikoa izan dadin benetan, Lizardiren hitzei tiraka.

Euskara lau haizeetara zabaltzeko ahalegin horretan, aintzat hartzekoa eta aitortzekoa da hiztunek, euskaldun berriek eta herri eragileek zein erakundeek egindako lana. Oztopoei aurre eginez, horien guztien euskaraz bizitzeko nahiak ekarri baikaitu honaino. Aurten, bereziki, eta hainbat erakunde publikok horrela adostuta, berariaz aitortu eta nabarmendu nahi dugu euskaldun berrien ekarpena eta ahalegina.

Aitortza hori, ordea, ezin da adierazpen hutsean geratu, testuinguru orokorretik kanpo. Udalerri euskaldunok, esaterako, testuinguru orokorraren baitan, errealitate zehatza ere badaukagu, eta hori ere kontuan hartu behar dugu gisa honetako aitortzak eta adierazpenak egiterakoan, ospatu beharrekoa ospatuz, eta aldarrikatu beharrekoa aldarrikatuz.

Udalerri euskaldunak dira euskararen arnasguneak, hizkuntzaren transmisioan eta balio erreferentzialean duten garrantziagatik. Euskararen gune hegemonikoak dira, eta baita eredu ere hain euskaldunak ez diren eremuentzat. Udalerri euskaldunek izaera horri eutsi baldin badiote, eragile askoren ahaleginari esker eta hiztunen hautuari esker eutsi diote. Euskarari eutsiz edota euskara ikasiz, udalerri euskaldunek gure hizkuntzari eusteko dagokien alea jarri dute denek.

Udalerri euskaldunetako bilakaera soziolinguistikoak, hala ere, azken urteotan ezagutzak behera egin duela erakusten du, eta datu horiek kezkaz ikusten ditugu. Arnasguneak zaindu eta hedatu ezean, beheranzko joera areagotu egingo baita, euskararen normalizazio prozesua arriskuan jarriz.

Horregatik, euskaldun berriei aitortza egiteaz gain, euskaldun berriak sortzen jarraitzeko eta horretarako bitartekoak jartzeko eta erraztasunak emateko konpromisoa ere ezinbestekoa da erakunde publikoen aldetik.

Herritarrak euskalduntzearen eskumena ez da udalena eta, beraz, ezin dugu zama ekonomikoa udalen gain utzi. Erabaki ausartak hartzeko eta dirua horretara bideratzeko garaia da. Egun batetik bestera ezin bada egin doakotasunerako urratsa, mailaka egin beharko da, baina lehenetsi beharreko kontua da: duten garrantziagatik eta normalizazioan duten eraginagatik, udalerri euskaldunetako herritar guztiek izan behar dute lehentasuna. Gero, beste herrietan, administrazio publikoan eta jendaurrean lanean ari direnek, langabetuek eta ikasleek, eta azkenik gainerako herritar guztiek. Urte bakarrean ezin bada lortu erabateko doakotasuna, legegintzaldia amaitzerako behintzat bermatu beharko genuke, euskaldun berrien ahalegina eta hautua aitortzeaz gain, erakunde publikook ere ardura zehatza eta esateko asko baitugu kontu honetan, euskalduntzea doan izatea erabaki duten udalerrietako datuek nabarmen erakusten duten moduan.

Azken batean, udalerri euskaldunak garen heinean, harrotasunez, euskaraz bizitzen segitzeko nahia berretsi nahi dugu, eta horretarako bitartekoak eskaini herritarrei, bakoitzak bere eskumenen baitan, herri honen kulturari eta izaerari egin diezaiokegun ekarpen ederrenetakoa dela iritzita.