Udalak 5.000 euro bideratuko ditu Saharara, uholdeetako kaltetuei laguntzeko

Udaleko ordezkariak, Khamarrekoak eta Saharako herritarrak, laguntzarako egitasmoaren aurkezpenean. (AZPEITIKO UDALA)

Azpeitiko Khamar Sahararen aldeko taldearen bitartez kudeatuko dute laguntza. Khamarrekoek beren kabuz eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean ere prestatu dituzte sahararrentzako laguntza lortzeko egitasmoak.

Tinduf-eko sahararren errefuxiatu kanpamenduetan urrian izandako uholdeetako kaltetuei laguntzeko 5.000 euro bideratuko ditu Azpeitiko Udalak.

"Hondamendia, egoera berezia eta dagoen beharra ikusirik, Azpeitiko Udalak 5.000 euro bideratzea erabaki du. Izan ere, uholdeek Saharan utzi duten egoera bereziki gogorra da eta horregatik erabaki da ezohiko laguntza hau ematea", azaldu du Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu den Ainhoa Beristain zinegotziak.

Udalak bere aurrekontuaren %0,7a garapen bidean dauden herrialdeetara eta nazioarteko lankidetzara bideratzen du. Herriko hainbat eragile eta proiektu laguntzen ditu egitasmo horren baitan, tartean Azpeitiko Khamar Sahararen aldeko taldea. Hain zuzen ere, uholdeetako kaltetuak laguntzeko emango dituen 5.000 euroak Khamarren bitartez kudeatuko dituzte, baina laguntza hori "gehigarri bat" dela nabarmendu du Udalak, aurrekontuaren %0,7aren poltsatik talde horri dagokionaz gain emango dena.

Saharari laguntzeko egitasmo gehiago

Udalaren eskutik jasoko duenaz gain, Khamar Sahararen aldeko taldeak hainbat ekintza prestatu ditu laguntzak lortzeko. Honela, Gaztetxearekin elkarlanean jantoki bejetariano solidarioa egingo dute urtarrilaren 15ean. Horretaz gain, abenduaren 19an egingo den Azoka Herritik egitasmoan Khamar taldeak postua jarriko du. Gabonetan, berriz, Elkar-ekin taldearekin batera eskolako motxila bilketa ere egingo dute. Eta, amaitzeko, urtarrilaren 16an janari bilketa egingo dute herriko denda eta saltokietan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide