Saninazioak 2015

Bihar irekiko da saninazioetako Ume Egunerako izena emateko epea

Uztarria.eus 2015ko uzt. 9a, 13:55

Hilaren 10, 11 eta 15ean egongo da izena emateko aukera Sanagustinpean (udaletxe azpian). 2005etik 2011ra bitartean jaiotako haurrek eman ahalko dute izena egun horietan. 2001, 2002, 2003 eta 2004 urteetan jaiotako gaztetxoek, aldiz, uztailaren 14an izango dute antolatzaileekin bilera, Ume Egunean zer egin erabakitzeko. 

Bihartik aurrera eman daiteke izena saninazioetako Ume Egunerako, Sanagustinpean (udaletxe azpian). Bihar, uztailak 10, 18:00etatik 20:00etara egongo da izena emateko aukera. Zapatuan, hilak 11, goizean nahiz arratsaldean eman ahal izango da izena: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean. Asteburu honetan ez ezik hurrengo asteazkenean ere, uztailak 15, izena emateko aukera egongo da, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara arte, plazako arkupeetan. 

2005etik 2011ra bitartean jaiotako haurrek, hiru egun horietan eman beharko dute izena, plazan egongo den mahaian. Bertan egongo dira bete beharreko fitxak, baina argazki bat ekartzea eskatzen dute antolatzaileek. Bestalde, ume bakoitzak 4 euro ordaindu beharko ditu, kamixeta eta bazkariaren gastuak ordaintzeko. 

2001, 2002, 2003 eta 2004 urteetan jaiotako gaztetxoek, aldiz, ez dute izena eman beharko. Izan ere, urte horietan jaiotakoekin, uztailaren 14an, asteartea, Sanagustinpeko arkupeetan batzar zabal bat egingo dute arduradunek, 18:30ean hasita. Bertan erabakiko dute zer egin Ume Egunean.