Azkue lantegian izandako lan istripuaren aurrean "kezka" agertu du Azpeitian Bizi eta Lanek

Erabiltzailearen aurpegia

Ez da denbora asko igaro Azkueko langileek lantegiko produkzioa berreskuratu eta beraien esku hartu zutenetik enpresaren kudeaketa, berri ona benetan.

Gure herriak garai zailak bizi dituela askotan esan dugun arren, ez da ohikoa langile eta beraien familien aldetik horrelako iniziatibak ikustea, bestelako ereduak egon badaudela eta egingarriak direnaren adibidetzat har ditzakegu.

Aste honetan lantegi honetan izan den istripuak, baina, kezka sortu digu Azpeitian Bizi eta Lan ekimenean parte hartzen dugun talde eta pertsonoi. Gizarte osoarentzako onuragarri izango diren bestelako produkzio ereduez hitz egiten dugunean, pertsona erdigunean jarriko duten moduez ari gara. Pertsona lan-indar huts izatetik, benetako baloretzat izango duten proiektuez. Baina proiektu eta balore hioriek ezerezean geldi daitezke pertsona ororen ongizatea bermatzen ez bada eta ezinbestekotzat jotzen dugu langileen segurtasuna bermatzeko neurriak argiak eta zorrotzak izatea.

Urtea hasi denetik 32 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuen eraginez eta zoritxarrez beste asko izan dira zerrenda beltz hau bete duten lanean zauritutako langileak. Azpeitian, zauritua gertatu den langile baten istripua izan dugu aste honetan, baina ez dira hilabete asko pasa beste herritar batek ere zauri larriak izan zituenetik. Lan istripuek errealitate gogorra izaten jarraitzen dute gure herrian.
Aurrerantzean ere duintasunez lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde lanean jarraitzea dagokigu beraz.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide