Maitasunaren historia

InigoIbarguren 2015ko uzt. 8a, 09:03

Leo Gursky eta Alma Singer. Bi pertsonaia horien bizitzak nahastuko zaizkigu, behin eta berriro, eleberri bikain honetan. Leo Gursky Poloniatik datorren jubilatua da. Bigarren mundu gerratik ihes egin behar izan zuen gaztea zela, eta orain New York-en bizi da, ilusio handirik gabe bizi ere. Gutxien uste duenean, aspaldi galdutzat ematen zuen eskuizkribu bat jasoko du. Bizitza hankazgora jarriko dio eskuizkribuak.

Alma Singer nerabezaro betean dagoen neskatxa da. Zortzi urte bete dira aita minbiziaz jota hil zitzaiola eta bere amari bikotekide berria aurkitu nahi dio. Ama lur jota ikusten du sarritan, bizitzeko indarrik gabe. Almak edozer egingo luke egoera horri buelta emateko. Egun batean, 'Maitasunaren historia' izeneko liburua agertuko da bere bidean, bere aitak iraganean Buenos Airesko liburu denda batean erosi zuena. Gertaera horrek erabat aldatuko du Almaren egunerokoa. 

Non eta nola nahastuko dira bi pertsonaia horien bizitzak? Nicole Krauss amerikarrak maitasun istorio bitxia eta ezohikoa idaztea lortu zuen ‘Maitasunaren historia’ delako honetan. Modu bikainean uztartzen ditu bi pertsonaia guztiz desberdin horien bizitzak, irakurlea behin baino gehiagotan ezustean harrapatzeraino. 

Liburuak aurrera egiten duen neurrian, Almaren anaia txikiak, Bird delakoak, protagonismo nabarmena hartzen du. Bere arrebaren intentzioak nondik nora doazen igartzen du Birdek eta hark bere makinazioak burutzera eramango ditu. Asmo eta intentzio hoberenak ditu Birdek baina bere partaidetzak buruhauste bat baino gehiago ekarriko dizkio Almari. 

Zvi Litvinoff delako pertsonaia ere badago. Nahiko konplexua da eta hitz gutxitan ezin genezake hemen liburuan duen eragina azaldu. Baliteke irakurlea zerbait nahasia sentitzea Zvi delako honen pasarteak irakurtzean, baina astiro hartuz gero, eleberri amaieran denak du logika.

Patxadaz eta arretaz irakurtzeko liburua, sentimenduz eta pasioz betetakoa. Irakurlea guztiz identifikatua sentituko da bi pertsonaia nagusiekin (Leo eta Alma), liburu barruan sartu eta lagundu nahi izateraino.

Liburu gomendagarria, goxoa eta hunkigarria. Arrastoa uzten duten horietakoa.

Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau.