Hasi dira Aniztasun Topaketak

Arabieraz kontatu eta antzeztutako ipuin batekin hasi ziren atzo Aniztasun Topaketak, Udal Liburutegian. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko hiru ikaslek eman zuten kilkerraren eta haren ezkongaien istorioa kontatzen duen ipuina. Kontalari eta antzezleek ipuina arabieraz eman aurretik, Onintza Zeberio irakasleak euskaraz eman zizkien azalpenak ikus-entzule gazteei, "baina ipuinaren amaiera kontatu gabe". Eta, arabiera ez ulertu arren, ederki pasatu zuten liburutegira joandako umeek, bukaeran "beste bat" eskatuz.

Gaur ere izango da zer gozatu Aniztasun Topaketen baitan. 18:00etan, ipuin kontaketa saioa izango da Iturri Txiki ludotekan, eta Nepalgo ipuinak entzun ahal izango dira bertan. Jarraian, 20:00etatik aurrera, munduko hainbat jaki dastatzeko aukera egongo da Plaza Txikian. Topaketekin amaitzeko, 21:30etik aurrera, afrikako doinuekin eta dantzekin girotuko du gaua Nimba musika taldeak. Senegalgo, Gineako eta Zumaiako musikariek osatzen dute Nimba taldea.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide