Gazteentzako eskalada eta orientazio ikastaroa antolatu du Lagun Onak MBk

Umeak rokodromoan, eskaladako ikastaro batean. (LAGUN ONAK MB)

Bi txandatan emango dute, biak uztailean, 13tik 17ra eta 20tik 24ra. 10 eta 16 urte artekoentzat da berez, baina adin tarte horretatik kanpoko gazteen parte-hartzea ere aztertuko luketela esan dute, "interesaturik egongo balitz". Ekainaren 25ean amaituko da izena emateko epea, baina plazak mugatuak dira eta izena emandako hurrenkeran joango dira betetzen.

Lagun Onak Mendi Bazkunak, Gipuzkoako Gipuzkoako Mendi Federazioarekin elkarlanean, gazteei zuzendutako udako ikastaroa antolatu du, uztailerako. "Gazteek mendian lagungarri diren hainbat baliabideren ezagutza jaso eta erabileran trebatzea" izango da ikastaroaren helburua eta bi arlo jorratuko dituzte: eskalada eta orientazioa.

Horrela, batetik mendi eskaladan lagungarri diren hainbat segurtasun material eta tekniken berri emango zaie gazteei, eta horien erabilera praktikoa ere egin ahal izango dute. Bestetik, orientazioari dagokionez, mendiko zeharkaldietan erabili ohi diren orientazio materialak azalduko zaizkie; besteak beste, GPSa ezagutu eta erabiltzeko aukera izango dute.

Gipuzkoako Mendi Federazioan formazioan ibilbide luzea duten bi irakaslek zuzenduko dituzte ikastaroak. Jaime Eguzkiza izango da orientazio arloa landuko duena eta Iñaki Arakistain arituko da eskaladan.

Bi txandatan

Udako ikastaroa bi txandatan emango dute, uztailaren 13tik 17ra eta 20tik 24ra. Astelehenetik ostiralera, 09:30etik 12:30era egingo dituzte saioak. Lagun Onak MBk Done Jakue kalean (parkearen aurrean) duen egoitza izango da ikastaroen abiapuntua. Arlo praktikoetarako Azpeitiko kiroldegiko rokodromoa erabiliko dute, eta inguruko mendiak ere bai.

Ikastaroa 10 eta 16 urte artekoentzat da berez, baina adin tarte horretatik kanpoko gazteen parte-hartzea ere aztertuko luketela esan dute antolatzaileek, "interesaturik egongo balitz".

Ikastaroaren prezioa 30 euro dira. Ekainaren 25ean amaituko da izena emateko epea, baina plazak mugatuak dira eta izena emandako hurrenkeran joango dira betetzen. Izen-ematea Lagun Onak MBren webgunean egin behar da. Edozein argibidetarako, berriz, 943025893 edo 689898493 telefonoetara deitu, edota lagunonakmb@hotmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide