Erabakiak Ehuntzen ekimenera joateko sarrerak salgai dira dagoeneko

Uztarria.eus 2015ko mai. 27a, 12:42

Euskal Herriko bost hiriburutan ospatuko da erabakitzeko eskubidearen aldeko Ehuntze Eguna ekainaren 21ean. Gipuzkoarrek Donostiako Anoeta futbol zelaianegingo dute ekitaldi nagusia, eta dagoeneko salgai jarri dituzte sarrerak Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikaren lokalean.

Joan den urteko ekainaren 8an 150.000 lagunek egindako giza katearen ostean, erronka berria luzatu du aurtengorako Gure Esku Dago dinamikak. Erabakiak Ehuntzen egitasmoa antolatu dute ekainaren 21erako, eta Euskal Herriko bost hiriburutan egun osoko egitarauez gozatu ahal izango da. Eguneko ekitaldi nagusiak, berriz, hiriburu horietako futbol zelaietan egingo dira.

Gipuzkoarrek Donostiako Anoeta estadioan izango dute zita, eta dagoeneko salgai dira ekitaldi nagusirako sarrerak. Helduek hamar euro ordaindu beharko dute, eta haurrek, berriz, bost euro. Sarrera eskuratzen dutenek 17:30etik aurrera hainbat motatako ikuskizunez gozatu ahal izango dute Anoetan: musikariak, bertsolariak, dantzariak, danbor joleak, mosaiko erraldoia eta erabakitzeko eskubidea irudikatuko dute herriz herri jasotako oihalen bidez.

Sarrerak Gure Esku Dago dinamikak Foru Ibilbideko 7. zenbakian duen lokalean eskuratu daitezke dagoeneko. Dinamikako kideek azaldu dutenez, "sarrera kopurua mugatua" da.

Hemen, ekainaren 21eko egitaraua osorik:

11:00etan Urumea inguruan, oihal katea. Gipuzkoan jasotako oihal guztiekin osatuko da katea, 12:30ak bitartean.

11:00etatik aurrera, Ilunben, umeentzako gunea: pailazoak, magoak, musika, puzgarriak, txosnak.... 17:00ak arte izango da zabalik.

11:00etatik aurrera, Anoetako mini-estadioan, gazteentzako gunea. Musika taldeak eta txosnak. 17:00ak arte izango da zabalik.

17:30ean hasi eta 19:30ak arte, ekitaldi nagusia. Musika, danborradak, dantzariak, erraldoiak, mosaiko erraldoia, eta ekitaldi politikoa.

20:00etan, jaia mini-estadioan.