EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Azpeitian, gehiengo osoarekin

Udal hauteskundeetako datuak taulan.

Botoen %52,03 lortu ditu koalizioak. EAJ izan da bigarren indarra, bozken %41,29 lortuta. Udalean 10 zinegotzi izango ditu EH Bilduk eta 7 EAJk. Zerrendak aurkeztu dituzten beste bi alderdiek, PSE-EEk eta PPk, ez dute ordezkaritzarik lortu.

EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Azpeitian, gehiengo osoarekin, orain dela lau urte bezala. Boto guztien kontaketa amaituta, %52,03 izan dira EH Bildurentzat, eta %41,29 eskuratu ditu EAJk. Bi alderdi horien ordezkariekin osatuko da, horrenbestez, Udala datozen lau urteetan: EH Bilduk 10 zinegotzi izango ditu -orain arte baino bat gutxiago- eta 7 EAJk -2011n baino bi gehiago-. Zerrendak aurkeztu dituzten beste bi alderdiek, PSE-EEk (botoen %2,56rekin) eta PPk (%1,45), ez dute ordezkaritzarik lortu.

2011-2015 agintaldian, EH Bilduk 11 zinegotzi izan ditu, 5 EAJk, eta 1 hauteskunde hauetan aurkeztu ez den Hamaikabatek.

Parte-hartzeari dagokionez, botoa eman zezaketen 11.106 herritarretatik 7.311k eman dute. Abstentzioa %34,17 izan da, 2011n baino handiagoa; orain dela lau urte %27,89 izan zen. 

Hauek dira 2015-2019 agintaldian Azpeitiko udalbatza osatuko duten zinegotziak:

Erreakzioak

Eneko Etxeberria (EH Bildu)

"Datu zehatz guztiak ez ditut oraindik esku artean, balorazio sakonagoa egiteko aukera izango dugu datozen egunetan. Baina emaitza oso ona izan da guretzat. Lehenik eta behin, eskerrak eman behar dizkiegu herritarrei, gugan konfiantza izateagatik. Orain arte bezala, gauzak ahal dugun ondoen egiten ahaleginduko gara, hori da gure konpromisoa".

Aitor Gorrotxategi (EAJ)

"Pertsonalki oso pozik nago eta taldea ere oso gustura ikusten dut. Ia mila boto igo gara aurrekoetatik eta beraiek [EH Bildu] jaitsi; uste dut hausnarketa beraiek egin behar dutela. Gipuzkoan egurra eman dugu. Hemen, berriz, polemika handirik ez da egon eta, agian horregatik, jendeak beste aukera bat eman dio EH Bilduri. Bagenekien erronka zaila genuela, 2.200 botoren aldeari egun batetik bestera ezin zaio buelta eman. Arantza txiki bat gelditu zaigu, hala ere, zortzigarren zinegotzia lortzetik oso boto gutxira gelditu gara eta".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide