Narrats

Erabiltzailearen aurpegia Amaia San Vicente 2015ko mar. 16a, 09:02

Karlstad. Suedia. 2005. Unibertsitate erresidentzia bateko eraikina, hamar gazteren bizileku. Norberak bere gela eta komuna zuelarik, sukaldea eta arropak garbitzeko-gela konpartituz. Atzerritar bakarra. Denek sukaldeko tresneria erabiltzeko eta garbitzeko eskubidea eta ardura. Norberak bere jatekoa prestatu eta arraska sekula ez zikin, sekula ez plater eskean ibili behar. Inoiz ez, sekadoratik galtzarik edota kulerorik desagertu. Unibertsitatera bidean ere, paperik ez bazterretan ezta freskagarri latarik edota txikle arrastorik ere.

Jinhua eta Guillin arteko trenean. Txina. 2011. Hamar orduko bidaia. Lau pertsonentzako altzairuzko parez pareko bi banku gogor bost lagunen artean konpartituz. Hainbat lagun zutik. Zenbaitzuk kantuan, beste batzuk hizketan, besteak builaka, horietako asko, tarteka, mokadua hartzen: noodleak prestatu eta zurrupatuz (hotsa ezkutatzeko arrazoirik ez, nonbait), tea edanez... paperak, likaztutako ontziak... denak geure hanken artean bueltaka. Bi urteko umeari txizagurea jarri eta non egingo eta geure muturren aurrean. Usaina, sarkorra. Haren aitak, erreparorik ez, txistua ere lurrera, ingurukoen zapatillak zipriztinduz. 

Azpeitia. Euskal Herria. 2015. Negu gordina. Euria goitik behera. Aterpe bila denak (kalean gauden gutxi horiek). Estalitako parkean babestu eta hamar bat ume koxkorrez osatutako koadrila bertan, ume txikiagoen mahai eta aulkien gainean eserita. Goxoki poltsak eskutan dituztela. Eta euren inguruko zorua pipa-azalez josita. Plastikozko poltsak, chupa chups makiltxoak... Paperontzia, bi metrora. Urtebetez azpiko bi ume katamarka, hurren. Gazteei arreta deitu eta denak mutu. Aurpegi ilunak. Irteeran, guraso bat, parkearen bestaldean, zigarroa lurrera botaz. Arkupeetan gaztain azalak, hamaikana. Zelailuzeko jardinetan sartu eta... hara! txakur kaka bat zapalduta, erregaloarekin etxera.

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.