Triku Festie

Erabiltzailearen aurpegia 9e2ffbb76e5d4d0a813a2637fed54e 2015ko urt. 26a, 10:37

1999. urtean izango zen. Saninaziyuek antolatzen hasiak ziren, eta urtero legez, musika gaietan euren "gomendio eta aholkuak" emateko deitu zituzten Urrestillako lokaletako eta Zubizarreko zenbait lagun udaletxera.

Urtero, Santio egun bezperan antolatzen zen rock kontzertua, eta bertan herriko talderen batek ere izaten zuen aukera plaza nagusiko agertokira igotzeko. Hura izaten zen herriko taldeek kontzertu "duin" bat eskaintzeko zuten aukera bakarretakoa, eta talde "ezagunaren" aukeraketan euren iritzia eman ahal izaten zuten.

Urtero gauza bera izaten zenez, erraza izan ohi zen kontua... Management enpresa bateko zerrenda bat zuen Udalak. Bertan, talde ezagun eta ezezagun mordoxka baten izenak zituzten, eta alboan bakoitzaren katxea edo prezioa agertzen zen.

Zerrenda hartatik talde bat hautatzen zen; ahal zen "ezagunena", gehienontzat "gustagarria" eta, batez ere, ahalik eta "merkeena".

Gutxi gorabehera, garaiko 12.000  euro inguru kostatzen zitzaizkion gehienez hiru orduz luzatzen ziren ikuskizun haiek antolatzea Udalari. Eta herriko taldeak 1.000 eta 1.200 euro artean jasotzen zituen.

Guzti hori eta musika taldeek herrian kontzertuak emateko zituzten aukera urriak ikusirik,  zenbait lagunen buruak lanean hasi ziren eta 2000. urtean euren kasa musika jaialdia antolatzea erabaki zuten.

Jaialdiko kartela herriko taldeek osatuko zuten eta euren soinu ekipoa erabili. Herriko zenbait tabernetan egin zen jaialdia eta harrera beroa izan zuen herritarren artean.

Emaitzarekin gustura, antolatzaileek berehala erabaki zuten jaialdi hari jarraipena eman behar zitzaiola. Euren artean zenbait kontu hitz egin ondoren, 2001. urtean honakoa proposatu zioten Udalari:

  • Udalak hiru orduko kontzertu bat antolatzen gastatzen duenarekin, guk asteburu osoa beteko lukeen jaialdia antolatu dezakegu.
  • Musika ekipoak baditugu, eta herrian badira jotzeko prest dauden talde ugari. Udalak ez zuen eragozpen gehiegi ipini, taldeak agindutakoa betetzeko gai baziren, benetako mauka izango baitzen eurentzat.
Antolaketaren zehaztasunak aurretik azalduz eta Udalaren "baldintzak" betez gero, inolako arazorik ez luketela jarriko jakinarazi zien –ordutegia eta dezibelio kontuak ziren, batez ere, Udalaren baldintzak–.

Lanean jarri ziren

Musika taldeak lortzea ez zen lan zaila izan... Musika lokaletako sarreran orri bat jartzea nahikoa izan zen behar adina lortzeko.

Musika ekipoak ere baziren, eta haiek garraiatzen eta erabiltzen zekiten herritarrak ere bai. Herriko zenbait tabernarirekin hitz egin eta tabernak jaialdiaren parte bihurtzea adostu zuten; kontzertuak taberna horietan egingo ziren. Kartelaren diseinua egingo zuenik ere agertu zen. Martxan zen proiektu berria... Martxan zen Triku Festie.

Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.