Amenabarren teilatuak

Loiolako Inazio Hiribidea 69, 71 eta 73 portaletako bizilagunak 2014ko uzt. 28a, 12:03

Construcciones Amenabar, SA-k Azpeitian eraikitako etxebizitza berrietan itoginak daude dagoeneko.

Construcciones Amenabar, SA-k Azpeitiko Loiolako Inazio Hiribidean eraiki zituen etxebizitzetan hasiera-hasieratik hezetasunak jasan behar izan ditugu bizilagunok, baita itoginak ere, teilatuaren egoera txarra dela eta.

69, 71 eta 73 portaletako bizilagunok, behin eta berriz erreklamazioak egin ostean, elkarrizketa prozesu bati hasiera ematea lortu genuen, bi urteren ondoren.

Maiatzaren 28an egin zen azken bileran, Construcciones Amenabar, SA-k bizilagunei teilatuaren osagaiak, egungo egoera eta hau hobetzeko egingo liratekeen lanak zehazten dituen txosten bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen.

Loiolako Inazio Hiribideko 69, 71 eta 73 portaletako bizilagunak txostenaren zain gaude oraindik, baina enpresak aldebakarreko erabakia hartu du dagoeneko. Hartutako konpromisoa alde batera utzita eta bizilagunen onespenik gabe, lanak abuztuan egingo direla adierazi du.

Bizilagunon ustez, txostenaren aurkezpena modu estrategikoan eta asmo txarrez atzeratu du enpresak, erabakia azken orduan jakinarazita eta, oporraldiaren hasiera dela kontuan izanik, bizilagunok lanak egitea ukatuko ez genuelakoan.

Loiolako Inazio Hiribideko 69, 71 eta 73 portaletako bizilagunok garbi dugu lanean jarraituko dugula, bermedun teilatua lortzeko hasitako elkarrizketa prozesuak aurrera jarraitu dezan eta orain arte hartutako konpromisoak bete daitezen.