Kultura kalean, oreka bila

Sutilezia, mugimendu, ekilibrio eta indar erakustaldia eman zuten atzo 'rOnde-bi ahizpa' ikuskizunarekin Corine Cella, Ander Fernandez eta Maitane Azpirozek. Ikus-entzule asko gerturatu zen Donejakue kalera... eskerrik asko. Sanagustin kulturguneak antolatuta, Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzeko ekitaldia izan zen. Abuzturako ere gehiago antolatuko ditugu. 

"rOnde-bi ahizpa besaulki baten inguruan eta lanpara baten pean ematen den bi dantzarientzako dantza eta airezko pieza da. Konplizitate, aurkaritza eta amodiozko dantza bat". Halaxe deskribatzen du hirukoteak ikuskizuna eta ezinhobeto eginda dago. Ander Fernandezek zuzeneko musikaz girotzen zuen bitartean eta biko harreman baten inguruko hitzak egiten zituen bitartean, Corine Cella eta Maitane Azpirozek lurreko eta aireko dantza-talkak, dantza-ferekak eta indar-dantzak egiten zituzten.  

Kontaktua da ikuskizun honen indarguneetako bat, bi ahizpa irudikatzen dituzten bi dantzarien artekoa. Maitasunezko laztanak oraintxe; borrokak hurrena; elkarrekiko konfiantza; konplizitatea... irudikatzen zituzten. Lanparatik zintzilik egiten zituzten akrobaziek ematen zioten ikusgarritasun handiena ikuslea isil-isilik utzita. Bai egiten zituzten mugimendu azkarrengatik, eta zuen arrisku kutsuagatik, baina baita bi dantzarien indar fisikoaren erakustaldiagatik ere. Ederra izan zen.

Hemen argazki batzuk.

Alde Zaharra biziberritzen

Azpeitiko Sanagustin kulturguneak antolatutako ekitaldia izan zen, Alde Zaharra biziberritzeko hartua dugun konpromisoaren harira eta Azpeitia Dantzan programaren barruan. Kalean egiteko pieza dantzatua zen Rouge Elea konpainiaren hau. Berez, zuhaitz batetik zintzilik egiten dute, eta horregatik egin zen Frontoi Txiki ondoan, Gernikako zuhaitzaren ahaidea dena atzean zutela.

Abuztuan ere ekitaldi gehiago antolatuko ditugu Alde Zaharra biziberritzeko. Aurreratu genuen bezala, abuztuaren 16an23an eta 30ean soul, jazz eta R&B musika kontzertuak izango ditugu, plazan. Laister, beste ekitaldi batzuen berri emango dugu.