Eragile guztien interesak babesteko ardura daukagu, eta merkatariak ere Alde Zaharra biziberritzeko ezinbestekoak dira

IƱaki Portilla (udal zinegotzia) 2014ko eka. 3a, 17:41

Plaza berritzea erabaki dugu, eta  jakina den bezala, herritarren iritziaren arabera egingo dugu, herri kontsulta bidez. Demokrazian eta herri partaidetzan gehiago sakontzeko aukera ezin hobea da, eta horrela egingo dugu.

Jakitun gara herrian iritzi, behar eta interes ezberdinak daudela. Hain zuzen, horrexegatik egingo da herri galdeketa. Guztien iritziak dira zilegi, eta guztiak errespetagarri, guztiok osatzen baitugu Azpeitia.

Are gehiago, gaiaren inguruko interesak uztartzea dagokigu, eta horretan ahaleginduko gara. Emaitzak emaitza, eragile guztien interesak babesteko ardura daukagu, eta merkatariekin ere hala egin nahi dugu; hain zuzen, merkatari horiek Alde Zaharra biziberritzeko ezinbestekoak direlako.

 Horregatik, herritarrek plaza oinezkotzea erabakitzen badute, kontsumoa hara bideratzeko ahaleginak egingo ditugu.

Batetik, Soreasuko aparkalekuaren erabilera sustatuko dugu:

Orain arte bezala, herritarrek bost orduz doan izango dute bertan aparkatzea, Alde Zaharrean erosketak egiten dituztenerako. Uste dugu Soreasuko aukera metro gutxitara izanda, Alde Zaharrera irisgarritasuna guztiz bermatuta dagoela. Eta edonork gerturatzea nahi badu erraztasuna besterik ez dauka.

Bestalde, plazan desagertuko liratekeen 75 aparkalekuak hara bideratuko genituzke. Alde Zaharreko bizilagunek gaueko 20:00etatik goizeko 9:00etara doan izango lukete bertan aparkatzea, eta horretarako txartel berezi bat izango lukete, Alde Zaharreko auto bakoitzeko txartel bat.

Alde Zaharreko zirkulazioari dagokionez, plaza oinezkotuko balitz, ez litzateke autorik sartuko; eta, beraz, plazatik beherako kaleen eta plazatik gorakoen trafiko-egoera zehaztu beharko litzateke. Honakoa da gure proposamena:

  1. Plazatik beherako kaleak: goizez 8:00etatik 13:00era kaleak irekita egongo dira karga-deskargarako, Erdi kaletik, Enparan kaletik, Eliz kaletik eta Done Jakue kaletik autoak sartu ahalko dira. Done Jakue kaletik plazara ezingo da pasa, beraz, asteburutan gertatzen den bezala, leku berdinetik sartu eta atera beharko da. Done Jakue kalean autoek buelta emateko Iturri Txiki parean lekua prestatuko da, honetarako zabor ontziak lekuz aldatu beharko dira.
  2. Arratsalde eta asteburutan bizilagunek Alde Zaharreko kaleetan autoa sartu ahal izateko txartel bat izango dute eta pibote sistema bidez sartu ahal izango dira. Txartel honek pibote sistemarentzat eta Soreasuko aparkalekuarentzat balioko du.
  3. Plazako bizilagunek ere txartel bat izango dute, eta Goiko kaletik sartuko dira (Artetxetik), pibote sistema baten bidez. Sarrera hori karga eta deskargarako, elbarrituentzat... ere izango da.
  4. Kaleetako abiadura ere egokitu beharko da (15 kilometro orduko-edo, hau beste herrietan galdetu beharko da). 

Proposamen hori merkatariei aurkeztu diegu, eta haiekin elkarlanean ari gara, zehaztasunak lotzen, guztiontzat irtenbide egokiena aurkitzeko. Izan ere, denon ardura da Alde Zaharra biziberritzea. Horretara deitu nahiko nituzke herritarrak: denda eta saltoki ugari ditugu gurean, kalitatezkoak eta onak, eta hori aprobetxatu egin beharko genuke, bertan erosiz. Kalitatea bermatzeaz gain, gure herria biziberritzea eta gure Aldez Zaharra indartzea ere ekarriko bailuke. Guztion artean egin behar dugu.