Gutxi asko da

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Salegi 2014ko mai. 21a, 12:05

Daukazun gehiena saldu eta benetan funtsezko objektuekin gelditzeko ametsa edo asmoa izan baduzu inoiz, minimalismoa gertukoa egingo zaizu. Minimalismoa arte, arkitektura edo diseinuan erabilitako kontzeptu bat da zeinean espazio hutsa den protagonista; etxe batean ahalik eta objetu gutxien izatean datza, eta daudenak funtzionalak eta erabat funtsezkoak. Horrek estetika berezi bat sor dezake, apaingarri guztiak soberan geratuz.

Ba hori baino gehiago ere bada, edo agian korronte horren zuztarra da, bizi-estilo edo filosofia ere bai baita. Zenbat eta gutxiago izan, are zoriontsuago.

Argi, horrek ez du esan nahi eskale baten moduan bizitzea denik kontua, baizik eta zure gastua eta esfortzua objektuetan zentratu beharrean esperientzia eta bizipenetara zuzentzea.

Korronte edo pentsamolde zurrun eta ideia ortodoxoetatik aparte, eta nahi baduzue minimalismo hitza alde batera lagata, egia da gauza asko izateak nekea ere gehiago sortzen duela. Alde praktikoari begiratzen badiogu, imajinatu gure egunerokoan etxea garbitzerako orduan, adibidez: zenbat eta objektu gehiago orduan eta hauts gehiago kentzeko. Azkenean gauzek bere dedikazioa, lana eta denbora eskatzen dute eta, jakina, kostua ere bai.

Harrituta geratuko ginateke etxean zenbat gauza ditugun alferrik ikusita, ertz batean usteltzen, badaezpada bota gabe, barrenean jakitun gauza horiek ez ditugula sekula erabiliko. Zeren zain gaude gainetik kentzeko?

Ez dakit zuen kasuan hala izango zen, baina nik behintzat komunera joateko adinako libratua hartu izan dut etxeko traste zaharrak gainetik kendu izan ditudanetan. Hala ere, trasteak botatzea baino interesgarriago eta aberasgarriagoa da, dudarik gabe, beste norbaiti ematea, edo saltzea. Afrikako pobreei emateaz aparte –errespetu guztiarekin–, bertatik bertara mesede ederra egin dezakegu ume arropa, karritoa edo liburuak albokoari pasatuta. Azpeitian bertan egindako bigarren eskuko azkoka bezalako ekimenak interesgarri nahiz aberasgarriak iruditzen zaizkit.

Bizipenaz gozatzea

Ikuspegi ekonomikotik begiratzen badiogu, berriz, zenbat diru gastatzen ote dugu gauzetan? Edukitzearen premia hori oso epe laburrekoa izan ohi da, ze denbora batera ez dugu jada hasierako grina hori, eta behin ilusioa pasatutakoan objektu hil bihurtzen dira.

Sarritan objektuak erosten ditugu grin posesibo batek bultzatuta, hasi handitik –etxea, kotxea– eta txikiraino –arropa, apaingarriak, eta abar–. Pertsonak desberdinak gara eta gustoak ere halakoxeak, baina ez genuke ahaztu behar objektua bizitzan lagungarri gerta dakiguken erreminta bat dela. Zurgin batek hala zioen: "Erreminta piloa edukitzeak ez zaitu lanean abilago egingo".

Etxean ehun liburu edukitzeak ez gaitu jakitunago egingo, bat bera ere irakurri ez badugu.

Maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.