Hauteskunde usaina nagusitzen ari da, eta urduritasuna nabari da

Leire Etxaniz (Azpeitiko EH Bilduko zinegotzia) 2014ko mai. 20a, 12:58

Hondakinen gainean asko hitz egin da Gipuzkoan azken hilabeteotan. Eztabaida oso mediatikoa da: errauskailua, zabortegia, bilketa sistemak... Eta, batzuek oso demagogia merkea erabiliz, botoak bilatzeko asmotan ari dira. Horregatik, hauteskunde giroan kokatzen dugu Azpeitiko EAJren azken ateraldia.

Poza ematen digu ahoz bada ere, birziklatu egin behar dela esateak, baina hor geratzen da EAJkoen jarrera.

Akordiora iritsi ginen, eta gauzatzeko lan asko egin da. Eta, egiten ari da Udal gobernua. Baina, Udalean ez dugu EAJren ekarpen bat bera ere ezagutzen, onartu genuen %70 iristeko sistemaren inguruan. Aukerak mahai gainean daude.

Mahaian egin behar da lan eta ez zentzurik gabeko iritziak plazaratu, auzo-konpostaren inguruan kaleratutakoa adibidez. 

Dugun sistemak ez du balio, eta erakutsitako argazkia horren isla da: birziklatzeko kartoia dago eta Udal gobernuak ez du kartoia jasotzeko egunik gutxitu, eta errefusa ez da soilik igandeetan jasotzen. Sistema berria ezartzea adostu genuen, eta birziklatzeko helburuak jarrita daude.

Udal gobernuak etxeko lanak eginda dauzka, eta azken asteotan, horretarako egiten ari garen bileretan, hainbat aukera planteatu ditu azaldutako emaitzak lortzeko eta eskua luzatu die beste alderdiei akordiotara iristeko. Ekarpenen zain gaude, eta gaur, asteartea, egingo dugun bileran hondakinen plangintza dago gai ordenean.