Itzulera

Erabiltzailearen aurpegia e 2014ko mai. 19a, 11:38

Hiru hilabetean ibili naiz kanpoan, pasieran. Izugarrizko bazterrak ikusi ditut: ia inor pasatzen ez den asfaltatu gabeko bideak; izotz puska amaigabeak; basamortu tankerako zabaldo bukaezinak; apenas urik zuten harriz betetako ubideak; itsaso ziruditen laku, ibai eta ur-jauziak; gure parajeetan ezagutu ere egiten ez ditugun hainbat animalia mota; altuera handiko mendiak eta mendateak; eta abar.

Kanpoan ibili naiz hiru hilabetean, pasieran. Egin ditut egunak bakar-bakarrik, eta sentitu izan dut batzuetan herrimina; "zeinek esan ote zidan niri herri honetara etortzeko?", galdetu diot neure buruari behin baino gehiagotan.
 
Baina momentu jakin batzuetako gauza izan da bakardadearena. Izan ere, jende mordoa ezagutu dut: jende mordoa eta jende izugarria. Baziren, batetik, neure moduan mundua ezagutu nahian pasieran zebiltzanak; hiriko bizitzaz nazkatuta bizimodu lasaiago baten bila nekazaritzatik bizitzera herri txikiagoetara joan direnak ere bai; baita hirian gustura egon eta hiria inoiz utziko ez dutenak ere...
 
Sentitu izan dut bezperan ezagututako baten bat betitik ezagutzen nuela, eta bidaia osoan neurekin balego bezala izan da, izugarrizko feeling-a egon delako gure artean. Eta hainbat despedida hunkigarriak izan dira, benetan. Baina agurren ondoren beti agertu izan da beste lagunen bat, berria, zerbait eskaintzeko zuena. Eta elkarri gauzak eskaini dizkiogu, bakoitzak bere esperientziatik, bere ikuspuntutik, bere begiradatik. Eta mundiala izan da.
 
Gustura ibili naiz kanpoan, pasieran. Eta gustura itzuliko naiz.
 
Maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.