Munduko udalerririk euskaldunenean egiten diren gauzak

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2014ko mai. 16a, 13:30

"Azpeitia da 5.000 biztanletik gorako munduko udalerririk euskaldunena". Hori esatea nahikoa da herritar guztiak, harrotasunez, elkarri zorionak ematen hasteko; beste behin, azpeitiarrak garela ozen adierazteko. ETB 1 kateko Tribuaren Berbak saioan baieztatu zuten gu garela munduko euskaldunenak, eta pozez hartu genuen berria.

Nik, ordea, uste dut ez dela gure lorpena "munduko udalerririk euskaldunena" izatea. Pentsatzen dut ez digula aparteko lanik eskatu herria euskalduntzeak. Gutako asko jaio ginen euskaraz, euskaraz hazi gara eta euskaraz hezi gaituzte. Eskura eman digute gure altxorra; salbuespenak sulbuespen, ez diogu aparteko konpromisorik eskaini, ez mimorik, ezta babesik ere. Baina, beno, bai, zorionak munduko udalerri euskaldunena izateagatik.

Herritarrak haserraraziko ditut, badakit, baina ezin nuen hau barruan gorde. Munduko udalerririk euskaldunenean gaztelaniaz irakurtzen dugu egunkaria. Munduko udalerri euskaldunenean, gaztelaniaz ikusten dugu telebista. Munduko udalerri euskaldunenean, gaztelaniaz hitz egiten diegu gaztelaniaz ez dakiten etorkinei. Munduko udalerri euskaldunenean ez gara saiatu ere egiten errenta aitorpena euskaraz egiten. Munduko udalerri euskalduneneko taberna guztietan, larunbat gauetan, gaztelaniazko abestiekin dantza egiten dugu. Munduko udalerri  euskaldunenean gaztelaniaz hitz egiten dugu medikuarekin. Munduko udalerri euskaldunenean, ez daki euskaraz udaltzaingoen harrera lekuan egoten den langileak. Ez naiz ari herritar guztiez hizketan, eta barkamena eskatu nahi diet benetan zoriontzea merezi duten pertsonei.

Horrenbestez, aukera probestuko dut zorionak emateko benetan eman behar zaienei: euskara ikasten ari diren herritar guztiei; beraien sorterria atzean utzita, hona etorri eta gure hizkuntzaren zirkulura sartu direnei, lantokian euskara erabiltzen saiatzen diren enpresariei eta langileei; egunerokoan, kontzienteki, euskaraz bizitzea hautatzen dutenei, euskara sustatzeko politiken alde lanean ari direnei, eta abar. Zorionak zuei, azpeitiarrak zaretenoi eta ez zaretenoi.