Lourdes Herrasti: "Emakume guztiek galdu egin zuten gerra garaian"

Uztarria.eus 2014ko mai. 14a, 13:03
Lourdes Herrastik hitzaldia eskainiko du gaur.

Lourdes Herrasti Aranzadiko historialariak eta antropologoak (Aretxabaleta, 1958) 40ko hamarkadako emakumeei buruz hitz egingo du gaur, asteazkena, Emakumea Gerra Zibilean eta errepresio frankistaren garaian hitzaldian. Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan hasita. Batik bat, hilobietan aurkitu dituzten emakumeen arrastoei buruz hitz egingo du Herrastik, "emakume protagonistei" buruz eta "protagonista bilakatu dituzten emakumeei" buruz. Gertuko istorioetan oinarrituta egingo du kontaketa, "harago joan gabe, hori  norberaren lana baita". Uztarria.com-ek, ordea, garai hartako emakumeen baldintzei buruzko zenbait zertzelada emateko eskatu dio.

Emakumea Gerra Zibilean eta errepresio frankistaren garaian irudikatzean, etxeko lanak egiten dituen ama eta emaztea datorkigu burura. Egokia da irudia?

Bai, jakina. Hala ere, beste rol batzuk ere izan zituen emakumeak. Batzuk gerrara joan ziren, eta frontean borroka egin zuten. Beste batzuk, berriz, alargun gelditu ziren, eta familia guztiaren ardura beraien gain hartu behar izan zuten. Hala ere, nabarmendu nahi dut emakume guztiek, edozein ideologiatakoak eta edozer egoeratan zeudenek, galdu egin zutela gerra garaian. Ez da nire esaldia, baina neure egiten dut, emakumeen esparruan min handia egin baitzen.

Bigarren Errepublikan emakumeek lortutako eskubideak galdu ziren Gerra Zibilaren eta Frankismoaren garaian?

Bai, eta ez bakarrik eskubide politikoak, baita eskubide sozialak ere. Emakumeak, berriro, ikusezinak bihurtu ziren. Horrek ez du esan nahi Errepublika garaian protagonistak izan zirenik, baina egindako aurrerapausoak deuseztatu egin ziren. Atzerakada nabarmena izan zen.

Batez ere, zer eremuetan egin zuten atzera?

Batik bat, nabarmendu nahi dut emakumeak, berriro, etxeko zuloan sartu zituztela. Beraien lana zen ama eta emaztea izatea, eta umeez arduratzea. Oro har, hogei urte pasa behar izan ziren emakumea, berriro, unibertsitatera joateko. Europako beste herrialdeekiko nabarmena izan zen atzerapena. Beraz, lan-munduan ere eragina izan zuen horrek.

Nolakoa zen emakumeei zuzendutako hezkuntza?

Hasteko, eskolak bereizita zeuden: emakumeak alde batetik ikasten zuten eta gizonek, bestetik. Hala ere, bereizketa ez zen fisikoa soilik, ikasteko modua ere desberdina zen. Gizonak lan-munduari begira ikasten zuten, helburua zen haiek lanbideren bat ikastea. Emakumeek, aldiz, etxeko gauzez arduratzeko gutxieneko hezkuntza jasotzen zuten; eta, adibidez, josten ikasten zuten. Goi-mailako ikasketei dagokionez, gerra aurretik, unibertsitatera emakume gutxi batzuk joan ziren arren, haiek markatu zuten bidea. Ikaragarrizko aurrerapausoa izan zen, orduan sortu ziren lehen emakumezko ministroak eta kargu publikoak. 40ko eta 50eko hamarkadan, ordea, ez zitzaion jarraipenik eman garapen horri. 60ko hamarkadan hasi zen, berriro, emakumea formatzen, halabeharrez, lan-munduko ateak ireki zirelako.

Halabeharrez, Elizari oso lotuta bizi ziren emakumeak garai hartan. Zer gertatu zen ideia horien aurka zeudenekin?

Batzuk izan zuten aukera hori: gauzak aldatu beharra zegoela aldarrikatzeko aukera. Hala ere, gutxi batzuk soilik izan ziren. Aurka zeudela adieraztera ausartu ziren emakumeak epaituak izan ziren, eta oso modu txarrean tratatu zituzten. Publikoki baztertuak izaten ziren emakume horiek, eta gizarte mailan ere mespretxatu egiten zituzten.

Gizartean eta kulturan, oro har, ez zuten oihartzun handirik izango, ezta?

Ez. Oso gutxik lortu dute akademikoki beraien gaitasunak onartzea. Adibidez, oso zaila zen emakumea idazle izatea garai hartan. Gainera, emakumeren bat ospetsu egiten bazen, aldarrikatzen zuten salbuespena soilik zela. Hala ere, oso urrutira ez dugu begiratu behar horretaz ohartzeko, oraindik ere esan ohi dugu emakumeen artean 'kristalezko teilatua' dagoela, emakumeak gora iristea saihesten duena.

Zer ez dugu lortu aldatzea?

Hasteko, oraindik ez dugu barneratu emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna. Zerbait falta zaigu, oraindik, horretaz jabetzeko. Pentsatzen hasiz gero, unibertsitatean, ikasleen %60 emakumeak dira; gero, ordea, garrantzizko karguetan zaila da emakumeak ikustea. Hasi dira andreak politika munduan sartzen, baina ez kargu garrantzitsuetan edo egitura handietan. Hori barneratzea falta zaigu guztioi, emakumeei zein gizonei. Genero desberdintasuna ez da emakumeen arazoa, ezta gizonena ere, gizartearen arazoa da.

Gaur egun, berriro, arriskuan daude genero berdintasunaren alorrean eginiko aurrerapenak?

Baliteke, baina badaude aurrerapen batzuk ezin direnak galdu. Bereziki, emakumeen formazioari buruz ari naiz: emakumeek hezkuntza egokia jasotzen badute, gero eta zailagoa izango da haiei eskubideak ukatzea. Berdintasun giroan hezitako emakumeak gizonekin lehiatuko dute.