Nor dabil gezurretan?

Manuel Unanue (Ogasun batzordeburua) 2014ko api. 25a, 19:06

Manuel Unanue Udaleko Ogasun batzordeburuak Hamaikabaten kritikei erantzun die esanaz, "gezurra esatea salaketa larria" dela, "aurkakoa baieztatzen duten ehunka lekuko daudenean".

2014ko aurrekontuak Bilduk eta EAJk onartu zituzten, aurkako boto bakarrarekin, Aitor Aranguren zinegotziarena.

Gobernuak hasieratik jakinarazi zuen honakoak izango zirela aurrekontuetako hiru iturriak: Plan Estrategikoa, 'Denon artean' prozesua eta talde-politikoen ekarpenak.

Plan Estrategikoak irakurketa eta azterketa lana eskatzen du. Bilduren udal taldeak egin zuen hori, eta Plan Estrategikoaren ildoari jarraiki proposatu zituen aurrekontuak. Bide batez, jarraipenaren azken bileran zenbatu da egitasmoa %27n bete dela.

'Denon artean' prozesua eta haren edukia Interneten daude, lotura honetan eta ekarpenak gehitu zaizkie udal aurrekontuei.

Talde politikoek ere ekarpenak egin zituzten, eztabaidatu egin ziren, eta akordio batera iritsi ziren Bildu eta EAJ.

Aitor Aranguren ez zen izan Ogasun batzordean; eta, itxura denez, ez da arduratu han eztabaidatu zena jakiteaz (aktak eskuragarri daude eta azaldutako guztia egiaztatzen dute). Gainera, alboratu egin zuen beste batzorde bat egitea, hark proposa zitzakeen beste gai batzuei buruz hitz egiteko.

Gezurra esatea salaketa larria da, aurkakoa baieztatzen duten ehunka lekuko daudenean ('Denon artean' taldeko parte-hartzaileak, Plan Estrategikoko kideak, Interneteko erabiltzaileak, komisioa osatzen dutenak, osoko bilkurako laguntzaileak). Gainera, are larriagoa da salaketa komunikabideen bitartez egiten bada, udal-gobernuari, lehendik, aurrez aurre ezer esan gabe.