Jatorri aniztasunaz eta elkarbizitzaz mahai-ingurua izango da hilaren 21ean

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean izango da, 18:30ean hasita, Sindikatu Zaharrean.

Badira hilabete batzuk Elkar-ekin taldetik Jatorri Aniztasunaz eta Elkarbizitzaz gogoeta bat abiatu genuela. Hilabete hauetan guztietan harreman ugari egitea lortu dugu, bai antzeko gaiak jorratzen dituzten beste herrietako udal eta taldeekin, bai Azpeitiko talde eta ikastetxeekin, bai eta jatorri ezberdinekoak diren hainbat azpeitiarrekin ere. Guretzat azpimarragarria da gai hau lantzeko dagoen gogoa eta ikusten den beharra guztien artetik.

Denon artean gai honen inguruko lanketa bateratuak bilatzea da gure xedea, jatorri ezberdineko azpeitiarren arteko elkarbizitzan sakondu, elkarrengandik ikasi eta denon artean herri justu bat egiteko lanean batera aurrera egiteko.
 
Harreman hauek egiteaz gain beharrezkoa ikusi dugu gaia herriratzen joatea. Sanjuandegi Auzolanean taldeko lagunekin antolatu genuen solasaldia interes handiko izan zela uste dugu, eta jendearen erantzuna ere oso ona izan zen. Orain mahainguru bat antolatzera goaz, gaia herriratzeko asmoz eta gogoeta eta ideia ezberdinei bide emateko helburuz.

Martxoaren 21a Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela kontuan izanda, egun egokia iruditu zaigu mahainguru hau antolatzeko. Herriko eragile askok erakutsi dute bertan parte hartzeko borondatea, besteak beste Iraurgi Ikastetxeak, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Azpeitiko Urola Ikastolak, osasun etxeak, Lanbidek, Jauzika aisialdi elkarteak, Emakumeen Txokoak, Udalak, Etorkizun egitasmoak eta abar.

Denon artean egoerari begirada bat eman eta egiten ari denaz eta egin daitekeenaz mintzatzea da gure helburua. Gaiarekiko interesa duten herritar guztiak daude gonbidatuak bertara. 18:30ean izango da Sindikatu Zaharrean.