Baigera elkarteak webgunea ireki du

2014ko urtearekin batera, jada, martxan da Baigeraren webgunea, baigera.net da helbidea. Baigerakoek zer esan asko dutela uste dute, ez daude isilik egoteko eta Interneta erabiltzea gizartean parte hartzeko bitarteko egokia delakoan daude.

Baigerako komunikazio taldeak astero berrituko du webgunea eta, oraingoz, ondorengo ataletan banatu dute:

  • Hasiera: Bertan Baigeraren eta webgunearen azalpena egiten da eta azken orduko berriak aipatzen dira.
  • Arlo soziala: Hitzaldiak, iritzi artikuluak, elkarrizketak, heziketa gaiak aipatzen dira.
  • Bitxikeriak: denborapasak, txisteak, bertsoak, ospakizunak, xelebrekeriak aipatuko dira.
  • Ibilaldiak: Aisialdiko irteerak, mendi ibilaldiak eta bestelakoak azalduko dira.
  • Gure argazkiak: Ibilaldi, irteera, ekintza desberdin eta abarretan ateratako argazkiak ipiniko dira bertan, nahi duenak ikusi, eraitsi eta inprimatzeko moduan.
  • Bideoak: Argazkiak bezalaxe, ibilaldi, irteera eta ekintza desberdinetan hartutako bideoak nahi duenak ikus ditzan.
  • Elkartea: Baigera elkarteko berriak, Batzarreko eta Batzordeko berriak, Baigerako talde desberdinen egitura eta funtzionamendua, beste elkarteekiko harremanak...

Webgunearen helburuak honakoak dira:

  • Baigerako bazkideen arteko komunikazioa eta bide batez harremana hobetzea.
  • Jubilatuoi eguneroko bizitza arinago eta alaiago izaten laguntzea.
  • Jubilatuen duintasunaren alde aritzea eta bazterketari aurre egiten laguntzea, euren arazoez jabetuz eta beharrak aztertuz.
  • Baigera herrira irekitzea eta herriarekin duen harremana hobetzea, herriko berriak jaso, herriko talde eta adin ezberdinekoekin harremana sendotu, parte hartzea bultzatu eta Baigeran herriari leiho bat irekitzea.

Baigerakoek zer esan asko dutela uste dute, ez daude isilik egoteko eta Interneta erabiltzea gizartean parte hartzeko bitarteko egokia delakoan daude. Adinekoek euren iritzi propioa izan behar dutela uste dute eta herrian beste edozein taldek duen leku bera aldarrikatzen dute.

Bistakoa da adinekoen artean teknologia berriek ez dutela gazteen artean duten arrakastarik, baina atzean gelditu nahi ez bada, hasi beharra dago, nahi eta ez, komunikazio digitalaren abantailak aprobetxatzen.

Parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu Baigerako bazkideei eta herritar guztiei, astero irakurriz eta bakoitzak dituen ipuin, kontakizun, gertaera, argazki eta iritziekin parte hartuz, gure webgune honetako partaide eta kolaboratzaile izan daitezen.