Haurrentzako elkartasun azokaren balorazioa, positiboa

Elkar-ekin taldeak Gabonen bueltan egin zuen haurrentzako elkartasun azokaren balorazio positiboa egin du. "Azokaren helburuei dagokionean urrats txiki bat egin dugulakoan gaude", azaldu dute. Hemen Elkar-ekinen balorazioa:

Ezer baino lehen eskerrak eman nahi dizkiegu Haurrentzako Elkartasun Azoka posible egin duten herritar guztiei; bereziki jostailuak ekarri dituztenei eta azokaren prestaketan eta azokan bertan lanean aritu direnei.

Guztira 50 herritar aritu gara lanean azoka aurrera ateratzeko. Besteak beste, jostailuak jasotzeko txandetan, muntaia eta jasotze lanetan, salmenta postuetan, buzoneoa egiten, kartelak itsasten, jostailuak ordenatu eta prestatzen zein prezioak jartzen aritu gara.

Mila jostailu baino gehiago ekarri dituzte herritarrek. Horietatik ehun beharrik handienak dituzten herriko familien artean dohain banatu ditugu, eta 600 jostailu baino gehiago saldu ditugu prezio merkeetan.

Mila euroko sarrerak izan ditugu azokako egunetan, eta egindako zozketarekin beste 850 euro atera ditugu. Irabaziak antzeko proiektu eta egitasmoak bultzatzeko erabiliko ditugu datozen hilabeteotan.

Azpimarratzekoa da Sanjuandegi Auzolanean auzo elkartearekin eta Baigerarekin elkarlanean ireki dugun bidetxoa. Oso balorazio positiboa egiten dugu harreman horiei dagokionez. Aurrera begira ere elkarlanean jarraituko dugulakoan gaude. Biei ala biei egindako lana eskertu nahi diegu.

Azokaren helburuak bi ziren: batetik, behar handienak dituzten herriko umeei jostailuak eta arropa eskaintzea eta, bestetik, data horietarako kontsumo neurrigabeari galdera ikur bat jartzea, kontsumitzeko modu orekatu bati bide eginez. Zentzu horretan, materiala berrerabiltzea eta beharren araberako kontsumoa bultzatzea ere izan da azokaren xedea.

Helburu horietan urrats txiki bat egin dugulakoan gaude. Aurrera begira ere antzeko egitasmoak bultzatu nahi ditu Elkar-ekin taldeak, egungo eredua sustraitik aldatu eta justua eta solidarioa izango den Azpeitia baten alde lanean jarraituz. Aldaketa handiak beharrezkoak dira, baina argi dago egitasmo txikietatik egingo dugula horrainoko bidea.

Elkar-ekin kolektiboak ateak zabalik ditu interesa duten herritar guztientzat. Ostegunero biltzen gara Azpeitiko Sindikatu Zaharrean, 19:00etan.