Azpeitia: Lasaoko Iñaxio Lasa, ene umetako lagunari

Anatsan (La Voz de España, 1980-12-10) 2013ko abe. 16a, 18:23

Kaixo Inaxio Lasa, umetako laguna. Hemen natzaik luma eskuetan hartuta zerbait agertu nahirik. Baina gogorrak gaituk benetan! Hi hil ondoan natorkik, bihotzeko txoko-txokotik ateratzen zaizkidan hitz hauek esatera. Bestela esan, hik, hil beharra izan duk, nik hitaz zerbait adierazteko. Horrelakotxe ahulak eta zikoitzak baigaituk, gizon izena besterik ez daramagun abereok. Arrazoi guztiz esango hidak: zertara dator nigana? nereak egin berea!!

Eta halaxe duk Inaxio adiskide maitea. Baina gaur iluntzean, Soreasuko elizan, hire hiletako elizkizunean izan nauk eta etxeratu naizenean, ezin ninduan hiri zerbait esan gabe lotaratu!!

Biok adin batekoak gaituk eta maristetako ikastetxe zarpil hartan, elkarrekin batera aritzen gintuan Espainiako geografia eta "Historia Sagrada" ikasten. Elkarrekin aritu ohi gintuan, hamaika aldiz, Santiago kaleko pelotalekuan, hik ekartzen hitukan pelota goxo haiekin jostatzen. Gure gelako mutil maitatuenetakoa hitzekala esatea, ez duk esaldi hutsal bat, egia soilki adieraztea baizik. Lasaoko Lasa, popularra egin hitzekan berehalaxe eskola guztian. Gelara berandu sartzen hitzekan bakoitzean, Urolako trenari aitzaki ematen hiokan. Hortik izaten hukan "metrallaz" maisu zital haren zigorretik askatzeko salbaena.

Kontutzar hauek guztiak gogorazi dizkidak gaur iluntzean. Iluntze beltz eta hotz honetan. Inoiz, inongo politika alorrean murgildurik, ez haut sumatu ahal izan. Eta hire hiletak ere ez dik politika kutsurik urriena ere izan. Lasao erreka, Zestoa eta Azpeitiko baserritar nahiz herritar soilak izan gaituk, hire azken agurra egiten.

Azken-agur, zinetan bortitza eta orobat tamala. Baina, gizonok, lur honetako abererik asekaitzenak gaituk. Gaur hi, bihar gu eta etzi beste gainontzekoak!!

Hildakoen bakea bego hirekin, Iñaxio Lasa, ene umetako lagun bihozpera.

 

(Anatsan goitizena erabiliz argitaratu zituen hainbat artikulu prentsan Leo Etxeberria azpeitiarrak. Anatsanek sinatutako hau La Voz de España egunkarian argitaratu zuten, 1980ko abenduaren 10ean. Uztarriak bere horretan transkribatu du)