Emakumeen Antzerki Tailerrak jasoko du Topaketetako Ikusleen Saria

Uztarria.eus 2013ko aza. 22a, 18:18

Dena berriz bueltatzen da antzezlanak jaso du ikusleen boto gehien eta, horren truke, 600 euroko sari bakarra eskuratuko du herriko taldeak. Bukatu berri den edizioan "inoiz baino jende gehiago izan da antzerkiaz gozatzen", Udaleko Kultura sailaren esanetan.

Joan den igandean, azaroak 17, bukatu ziren urriaren 31tik egin diren XXXI. Euskal Antzerki Topaketak. Gaur, ostirala, Topaketen barruan antolatzen duen Ikusleen Sariaren irabazlearen berri eman du Udaleko Kultura sailak. Eta Azpeitian geldituko da aurten saria, herriko Emakumeen Antzerki Tailerarren Dena berriz bueltatzen da antzezlanak jaso baitu ikusleen boto gehien. Aurreko zapatuan, Topaketetako azken aste bukaeran, eman zuten lana Soreasun. Sariaren truke, 600 euro jasoko dituzte Emakumeen Antzerki Tailerrekoek.

Ikusleen Sariaren berri ematearekin bat, aurtengo Euskal Antzerki Topaketen balorazioa ere egin du udal Kultura sailak. Topaketen antolatzaile gisa, gustura daude udal arduradunak. "Herritar ugari hurbildu da Soreasu antzokira aurten. Guztira, hamabost antzezlan taularatu dira, haur, heldu nahiz gazteei zuzenduak eta inoiz baino jende gehiago izan da antzerkiaz gozatzen", nabarmendu dute. Soreasu "hiruzpalau aldiz guztiz bete" da 2013ko Topaketetan; 500 lagunentzako tokia du antzokiak. Beste emanaldietan, berriz, 220-280 pertsona izan direla adierazi du Kultura sailak. "Benetan eskertzen dugu herritarren aldetik jasotako erantzuna", gaineratu dute.