Jokin Uranga, hurrengo saiorako prest

Amets Arzallus kantuan eta atzean, eserita eta eskubian, Jokin Uranga, zapatuan Gernikan. (GARI GARAIALDE)

Gernika-Lumon, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoen lehen itzuliko saioan bigarren sailkatu zen azpeitiarra. Lehen itzuli hori osatzeko bi saioren faltan, badaki dagoeneko finalaurrekoen bigarren itzulian izango dela. Bezperan oheratu zenetik Gernikan saioa bukatu artean egindakoak eta sentitutakoak errepasatu ditu Urangak Uztarria.com-erako.

Ostiral gaua, ohera zoaz. Garaiz, betiko orduan...?

Afalostean, ordenagailuan saltseatzen ibili nintzen, han-hemengo berriak-eta irakurtzen, egunkari pila batean sartuta. Burua pixka bat distraitze aldera, beti ere. Telebista pixka bat ere ikusi eta ohera, ordubata alderako. Ostiraletan irten ezkero beranduago erretiratu ohi gara, baina txapelketako saioen aurretik normalean ordutsu horretan joaten naiz ohera. Nekatutakoan, bestela burua jira eta buelta hasten da eta.

Lo ondo egin al zenuen?

Bai, egin nuena ondo egin nuen. Seiak aldera esnatu egin nintzen, baina derrepente hartu nuen lo berriro. Gero, zortzietan esnatu nintzen, eta orduan jada ez neukan atzera lo hartzeko modurik.

Goizean jaiki, eta...

Kalera joan, taberna batean gosaldu, egunkaria irakurri eta, gero, lagun baten semearekin pilotan ibili nintzen. Etxera joan, dutxatu eta bazkaldu egin nuen. Bazkaldu eta gero, Jon Martinekin eta Xamoarekin [Arkaitz Oiartzabal, oiartzuar bertsolaria] elkartu nintzen eta, haiekin, Gernikara abiatu ginen, goiz samar.

Zer ordutan ailegatu zineten Gernikara?

Hiru eta erdietan. Saioa bost eta erdietan zen. Kotxean ordubete egin eta bidaiaren buruko pisu horrekin iritsi baino, nahiago izaten dut lehenago ailegatzea, haize pixka bat hartu eta gero sartzea. Hiru eta erdietan iritsi, kafe bat hartu genuen eta 'kartzelara' sartu ginen. Xamoak gaiak jarri eta Jon eta biok kantuan aritu ginen. Ordu erdi inguruko saioa egin genuen, biok bakarrik, beroketa ariketa gisa. Besteak ere iritsi ziren, bostetan saiorako zozketa egin genuen, eta hortik aurrera bost eta erdiak iritsi arte zain egotea besterik ez zitzaigun gelditzen.

Zozketan, seigarren eta azken tokia tokatu zitzaizun Zer pentsatu zenuen?

Nire estiloa da aurretik dena ondo joango dela pentsatzea. Ez naiz hasten 'jo, hori marroia, seigarren kantatzea tokatu zait...' pentsatzen, batik bat zeure buruari egurra ematea besterik ez delako, eta ez duelako ezertarako balio. Egia da, hori bai, oso-oso nekatuta ailegatu nintzela kartzelako saiora. Kartzelakoaren aurreko nire azkenengo bertsoa bota eta kartzelako saioa hasterako, ordubete baino gehiago pasatu nuen. Eta tarte horretan, kartzelan, denetarik pasatzen zaizu burutik, tentsioa pilatzen zaizu. Ordubete gehiegi da kartzelan egoteko. Hoztu, berotu, berriz ere hoztu... denetik pasatzen zaizu, sentsazio gehiegi. Hurrengoan nahiago kartzelakoa lehenago tokatzea, bai.

Saioaren hasierara itzulita. Tranpaldora irten, eta frontoia jendez lepo.

Ederra. Gainera, jendea bertsolarien lana erabat eskertzeko zegoen. Alde horretatik, pribilejiatuak sentitu ginen. 1.500 lagun haiek ikustea, zer bertso eta bertsolari goserekin zeuden, luxua izan zen.

Zure aurreneko txandan, Julio Sotorekin aritu zinen.

Hor ondo ikusi nuen neure burua. Julio ondo ezagutzen dut eta banekien, zortziko handian, ondo ateratzeko bermea bagenuela. Gainera, gaia ere [hipoteka ordaindu ezin duen alabaren zorraren erantzule diren gurasoak ziren] gustatu zitzaidan. Gustura hasi nintzen.

Gero, zortziko txikian, Jon Martinekin.

Ez nintzen hain gustura aritu. Gaiarekin ez nintzen hain ondo moldatu. Asko emateko modukoa zirudien, baina lan pila bat eskatzen zuen, hastea ere tokatu zitzaidan... Beherakadatxo bat sentitu nuen eta, nolabait esateko, ezer ez egitea erabaki nuen. Jon Martin bideak bilatzen-eta oso ona da, eta pentsatu nuen, Jonek eraiki dezala, eta ni erantzuten joango naiz. Bigarren bertsoa erantzunekoa izan zen erabat. Hirugarrena, berriz, zortziko txikian bota nuen onena eta, agian txalotuena izan zena ere bai. Baina Jon Martinen lana zegoen hor aurretik, nik bakarrik puntilla jartzea egin nuen. Askotan horrela izaten da, lana batek egiten du eta besteak jasotzen du fruitua. Kasu horretan, horrela tokatu zitzaidan.

Puntua emandakoetan, surfa...

Ez zitzaidan batere gustatu. Gainera, 'mapan' oina jarri zidaten, eta nik sekula ez dut entzun bertsolari bat 'mapan' errimatzen berari aterata, eta hori zerbaitegatik da. 'Mapa' jartzea bale, baina hitz hori ezin da deklinatuta jarri, ezin duzu 'mapan' jarri. Bukaeran bai, esaten duzu 'Mundakan bukatu behar nian', baina momentuan segundo erdi bat daukazu hasteko. Gainera, 'mapan' entzun nuenean atzeko bertsokideen marmarra ere entzun nuen, esanez bezala 'txikito, hori marroia!'. Nola edo hala atera nintzen hortik, baina beherakada momentua izan zen niretzat. Baina pozik nago, momentu horri buelta ematen jakin nuelako eta justu horren atzetik egin nuelako saiorik onena.

Sei puntuko motzean, Jone Uriarekin.

Hori da. Pertsona bezala eta bertsolari bezala horrekin gelditu naiz bereziki gustura. Zeure burua lur jota ikustetik, handik hamar minutura saio guztiko lanik onena egiteko gai izatea. Horrek bete egiten nau.

Eta azken txanpa luzean, kartzelakoa.

Kristoren kaskarreko minarekin, ordubete kartzelan zain egonda...

"Jokin, denbora daramazu zure eskuei begira". Gaiak, printzipioz, jokoa ematen zuen, ezta?

Bai, eta nik garbi ikusi nuen langile baten eskuak izango zirela. Gero, eskua agian lehenengo bertsoan bakarrik aipatu nuen, gehiagotan aipatu behar nuen behar bada. Lan potente bat izan gabe, nengoen egoeran egoteko nahikoa lan txukuna egin nuela uste dut.

Zure kartzelakoarekin bukatu ziren ariketak. Puntuazioen zain egon behar gero. Zer sentitu zenuen Amets Arzallusen ondoren bigarren sailkatu zinela entzun zenuenean?

Sailkapenean pentsatzen hasteko erreferentziarik ere ez neukan, beste inoren kartzelako saiorik ez nuen-eta entzun. Aurreko sentsazioak besterik ez nituen, eta kartzelako hiru bertso horietan gauzak asko alda daitezke. Argi zegoen bakarra Ametsek aurrena egingo zuela zen. Amets, Amets da, eta bagenekien joaterako, baita txapelketan apuntatzerako ere, zer pasatuko zen. Ni bigarren nintzela entzutean poza hartu nuen, batik bat aurrera joateko moduan izango nintzelako.

Aurrera begira, nola ikusten duzu zeure burua hurrengo finalaurreko saiorako?

Ni gozatzera joango naiz. Hurrengo igandera arte [Murgian jokatuko den lehen itzuliko azken saioa arte] lasai egongo naiz. Igandean, hurrengo finalaurrekoa non kantatzea tokatuko zaidan jakiten dudanean, orduan hasiko naiz berriro txapelketan pentsatzen; saioak non egin behar ditudan jakiten dudanean, tokiak eta egoerak irudikatzea gustatzen zait. Bitartean, aste hau deskonektatzeko hartuko dut. Derrigorra da, gainera, txapelketa oso luzea delako.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide