Segi dezagun gozatzen, borrokatzen... eta herri hau feministagoa egiten!

Erabiltzailearen aurpegia Bilgune Feminista 2013ko urr. 24a, 20:55

Urriaren 18an eta 19an egin genituen Azpeitiko Emakumeon Topaketen plenarioan plazaratu genituen ondorioak ekarri ditugu hona:

"Guztira 50 emakume baino gehiago aritu gara hausnartzen, jolasten eta ikasten atzo eta gaurko topaketa hauetan. Belaunaldi desberdinak elkartu gara eta, beno, igoal azpeitiarrak drien beste kolektibo batzuetako emakumeengana heltzeko oraindik zailtasunak ditugula ere ikusi dugu... nahiz eta pixkanaka zubi horiek eraikitzen ari garen.

Topaketak egitearen ideia hitzaldi batean sortu zen. Emagin Euskal Herriko mugimendu feministaren historia berreskuratu eta idazten ari dira. Azpeitira hitzaldi bat ematera etorri ziren eta bertan konturatu ginen 70. eta 80. hamarkadetan lanean aritu ziren hainbat emakume pertsonalki ere ez genituela ezagutzen. Hau berreskuratzeko beharra eta belaunaldi desberdinetako emakumeon artean zubiak eraiki beharra sentitu genuen, eta hauxe izan da emaitza.

Arantxa Arruti, Bea eta Esther...

Asteburua historia berreskuratzetik hasi genuen. 80. hamarkadan abortuaren inguruko borrokak edo dibortzioaren inguruko borrokak protagonismo handia hartzen zuten... baina festetan emakumeen parte-hartzearen alde ere borroka asko egin zen, danborradan kasu.

Urteak pasatu ahala borroka hauetako batzuk formaz aldatu diren arren, bere hortan jarraitzen dute... Gaur egun festetan Txitximore bezalako pertsonaiak sortu dira, jendeari betaurreko moreak janztea bultzatzeko eta kontzientzia hartzeko... edo.

Lehen emakumeen sexualitatea bisibilizatzea helburu izanik, ondoren emakume lesbiana izateko aukera aldarrikatzea eta gaur egun heteroarauak praktika sexual desberdinak ditugun denoi nola eragiten digun hausnartzen dugu...

Indarkeria nolabait etxe barruko zerbait izatetik gizarteko arazo larrienetako bat izatera pasatu dela esan dezakegu, nahiz eta gertu gertatzen denean oraindik ere emakumeak kuestionatuak diren eta erasotzaileak pentsatzen dugun perfil jakin batekoak izan behar direla, eta erasotutako emakumeak ahulak eta inkluso batzutan tuntunak...Indarkeria estrukturala da.

Emakume gazteek aipatu dute berdintasun faltsuaren ideia hori. Dena lortuta dagoela ematen du, baina eskoletan ez dituzte emakumeen historiak ezagutu. Hainbat mugimendu soziali buruz hitz eign zaie, baina ez mugimendu feministaren inguruan, eta egin diren lorpenak mugimendu feministari esker izan badira ere, oraindik jendeak uko egiten dio feminista bezala identifikatzeari... Hori ere, azkenean, intentzionatua den zerbait da, feminismoak gizarte eraldaketa oso bat aldarrikatzen baitu. Kapitalismoaren alternatiba posible bakarra.

Hitz egin da ere emakumeek instituzioetatik jasaten duten indarkeriaz. Salaketa batekin epaiketa baten prozesuan sartu eta zein babesgabe aurkitu daitezkeen indarkeriari aurre egin dioten emakume hoiek... Medikuarengana joan eta ia "produktiboa" ez zarelako zure osasunari garrantzarik ematen ez zaionean... bereziki emakume helduen edo zaharren kasuan... Kontuan hartzekua ddenean emakume heldu hauek urteetan hainbat familiaren ongizatearen sostengua izan direla: jaten eman dutenak, zaindu dutenak, familiak tente mantendu dituztenak, eta gaur egun oraindik mantentzen dituztenak, amonek inguruko guztiak zaintzen jarraitzen baitute... Emakume hauen subjektibitatea kontuan hartzekoa da... Askotan pentsatzen dugu iraultza emakume gazteengandik etorriko dela, baina adin helduko emakumeak ere potentzial handiko subjektu iraultzaileak direla ezin dugu guk geuk ere ahaztu!

Bizi dugun indarkeria estruktural horren ondorioz besteentzat bizitzen ikasten dugu, gure gorputzei ere behar duten tarterik eskaini gabe. Gure sexualitatea bera ere "besteentzat" izan dadin barneratu dugu. Eta topaketa hauetan burmuinetik irten eta gure gorputzetara ere jaitsi nahi izan dugu... Gure gorputzen kontzientzia hartu beharraz jabetzeko, gure plazerra guk guretzako zer nahi dugun jakitetik eta sentitzetik hasten delako, eta hori bilatzeari ekin behar diogulako. Gure gorputza guria da esaten degunean beste hainbat aldarrikapenetan, ba benetan horren kontziente egin behar dugu baita plazerra bilatzerako orduan ere...

Eta gorputzen gain emozioetara ere jo nahi izan dugu... adieraztea, gozatzea, askatzea... eraldaketa benetakoa izateko gure emozio eta gorputzak ere askatu behar ditugulako eta ez pentsamendua bakarrik.

Eta, gainera, bisualki erakargarriak diren formekin aldarrikapenak egitearen garrantzia.

Emakumeak euren sormenetik ateratzen dena erakustera bultzatu nahi ditugu, beste emakumeontzat ere garrantzitsua delako hori egin dezakegula jakitea... Gure sormena ere garrantzitsua dala jakitea...

Gure aldetik, Bilgunetik saiatuko gara jendearen parte-hartzea zabaltzeko eta asteburu honetan egindako hausnarketakin aurrera segitzeko espazioak eskaintzen. Emakumeen batzarrak deituz zuek denokin kontatzen, guzti honen erantzunkizunak eta iniziatibak denon artean banatzeko eta nahi dugun Azpeitia feminista hori lortzeko...

Lehen eguneko azken hitzetara bueltatuz, mugimendu feministarn parte izatea bera zein aberasgarria eta nolako plazera den aipatu nahi genuke, bere burukominak eman arren momentu askotan. Gure bizitza ulertzeko eta gertatu zaizkigun hainbat gauzaren aurrean konplizeak topatzeko balio izan digun zerbait da, eta dudarik gabe asteburu honetan ere konprobatu da feminismotik lortzen dugun konplizidate hau plazer bat dela denontzat!

Beraz, segi dezagun gozatzen, borrokatzen... eta herri hau feministagoa egiten!"

 

Bestalde, Info7 Irratian Topaketen balorazioa eginez elkarrizketa egin zioten urriaren 21ean Leire Ibarguren Bilguneko kideari. Hemen entzun daiteke elkarrizketa (27:55etik aurrera).