Azoka Herritik-en aurreneko balorazioa positiboa

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2013ko ira. 26a, 14:14

Parte-hartze handia izan du eta herritarren erantzuna ona izan da; bertako produktuen ekoizpena eta salmenta bultzatzen saiatu gara; sorkuntza handia dagoela ikusi da tailer eta ekitaldi bitartez... Arloz arlo sartu aurretiko balorazioa ona dela iruditzen zaigu antolatzaileoi. Baina aurreneko inpresioa da. Arloz arlo aztertzea izango dugu hurrengo lana. Bide batez, eskerrik asko guzti-guztioi.  

Azoka Herritik ekimenaren hasierako balorazioa egiteko lehendabiziko hausnarketa egitean, azaletik begiratuta, emaitza ona izan dela iruditzen zaigu. Esaten genuen bezala, herritarren parte hartzearekin bertako ekoizpena eta salmenta bultza nahi genituen, sorkuntza gaitasuna erakutsi eta guztia elkartasunean egin. Dena hobetu daitekeen arren, funtsean, asmo horiek bete direla uste dugu.

Hurrengo pausoa, epe motzekoa, parte hartzaileekin bildu eta beraien iritziak jasotzea izango da. Hau da, barrutik begiratzea, aztertzea eta gogoeta egitea.

Azoka Herritik, ordea, abiapuntu bat izan da. Elkartasun honek aurrerantzean ere iraun dezala nahi dugu, eta sor daitezela proiektu komunak, ezagutu gaitezela elkar eta bizirik manten gaitezen gu eta gure herria. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi eta baita gainontzeko herritarrei ere emandako erantzunagatik.