Bazen behin

Aitor Unanue (Urola Kostako Hitza) 2013ko mai. 10a, 18:59

Bazen behin, gure auzoan bederen, inoiz ahaztuko ez dugun inguru bat, garai hartan behin eta berriz erakartzen gintuena udako egun eguzkitsuetan. Bertan, zuhaitzetako hostoen artetik ur gardenetan murgiltzen ziren eguzki izpiak era ikusgarrian. Errekan behera urak oso abiadura geldoan zetozen, eta bidean hainbat putzu luze eta zabal topatzen zituen.

Putzuak bata bestearen atzetik zeuden bainera erraldoien gisa, eta kostatu egiten zen murgiltzeko putzua aukeratzea, zein baino zein erakargarriagoa baitzen. Batean bai eta hurrengoan ere bai sarri asko. Horrela joaten ginen errekan gora gorputzak dar-dar egiten zigun artean. Zuhaitz adarretatik putzuetara salto eginez eta putzuetan murgil eta igerian eman genituen hainbat arratsalde.

Bizia zen oso inguru hura, txori kantak ez zuen etenik izaten, amuarrain, zapo eta hankaluzeak izaten genituen lagun.

Atzera errekan behera eginez topatzen genituen utzitako bizikletak, eta bidezidorrean barrena herriratzen ginen.

Auzoko mutil koskorren artean helduenek isilpean ematen ziguten inguru haren berri, eta horrela ezagutu eta ezagutarazten genuen inguru paregabe hura elkarren artean.

Gaur, inguru hori Errezil errekaren meandro zahar bat omen zela diote Azpeitiko Ingurugiro Etxean, eta duela 25 urte bere gainean eraiki zela Lapatx zabortegia. Bertan hondakinak bota eta zabaltzen direla. Eremu osoan 2-3 metroko hondakin geruza osatzean lurraren eta inerteen nahastura bateko geruza batez estaltzen dela, berriz ere hondakinak gainean botatzeko. Egunero 300 tona hondakin. Ixteko epemuga 2009an omen zuen eta 2012ra arte luzatu omen zela.

Orain inor gutxi doa bertara zaborrez betetako kamioiez gain, eta herriraino dator zaborraren kiratsa hego haizea denean.

Bitartean, Azpeitira ere iritsi da Mundumob, Gipuzkoa zeharkatuko duen ekimena, hau esanaz: "Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra".