Udalbatzak onartutako mozioaren balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia

Udalbatzak hartutako erabakia, alde batetik positiboa iruditzen zaigu; beste aldetik, hankamotza. 


Mozioan aipatzen diren puntuetan sartu aurretik, lehenik eta behin, Zero Zabor mugimendua Gipuzkoara ekarri duten herriei merezi duten errekonozimendua eman nahi diegu. Orendain, Usurbil, Hernani… bezalako herriek bilketa selektiboaren alde egindako apusturik gabe, ez baiginateke inolaz ere Azpeitian gauzak hobeto egin behar ditugula erabakitzen ariko. Gehienetan bakarrik burutu dute bide hau, guztien begiradapean eta gutxiren laguntzarekin.  Beraien determinazioagatik ez balitz, Azpeitian eta Gipuzkoan %30eko bilketa selektiboan jarraituko genuke eta Zubietan errauskailua eraikiko litzateke, hurrengo hamarkadetan birziklatze tasak hobetzea galaraziz.
 
Herri horiek emandako pausoek gainontzeko herrietan ere zerbait egin beharra dugula ikusarazi digute, eta  orain urtebete errauskailu bidez dena konpondu nahi zutenak gaur egun bilketa selektiboa beharrezkoa dela esaten dute.
 
Zentzu horretan positiboki baloratzen dugu Azpeitian aho batez gutxienez %70eko bilketa selektiboa lortu behar dela adostu izana.
 
Azpeitia Zero Zabor taldean beti esan dugu, garrantzitsuena defendatzen genuen helburua zela, alegia,  hondakinak murriztea eta sorturikoak selektiboki biltzea. Jakina da helburu berdinera iristeko beti daudela bide bat baino gehiago eta zentzu horretan beti aldarrikatu izan duguna herrian eztabaida lasai eta natural bat egitea izan da. Eragile bakoitzak helburu horretara iristeko sistemarik egokiena proposatzeko aukera edukiko lukeen eztabaida jator bat. Sistema ezberdinak, lortzen dituen emaitzen arabera, duen kostuaren arabera eta gizartean duen babesaren arabera aztertu behar direla uste dugu.
 
Ildo horretarik, ez zaigu zentzuzkoa eta teknikoki profesionala iruditzen bilketa-sistema onena erabakitzen hasi aurretik, sistemetako bat jokoz kanpo uztea. Atez ateko bilketa-sistema, hain zuzen ere.  Gure herritik oso urrun joan gabe egun batetik bestera birziklatze tasak hankaz gora jarri dituen sistema (datuak hor daude) eta teknikoki frogatua dagoen sistema.
 
Ez zaigu zentzuzkoa iruditzen teknikoki azterketarik egin gabe edukiontzien sistemara bakarrik bideratzea eztabaida. Teknologia berriak, “chip”-ak, kontrol digitala, etab. bezalako sistema esperimentalen bidea jorratzea erabaki da. Pixkat aztertzen hastea nahikoa da konturatzeko horrelako sistemak direla garestienak eta mozioa aurkezterakoan alderdi guztiek aipatu zuten gaur egun dugun egoera ekonomiko larria. Alderdi horretatik ere, komenigarria iruditzen zaigu ezagutzen ditugun bilketa-sistema guzti-guztiak aztertzea eta bakoitzaren onura ekonomikoak kontuan hartzea.
 
Eta  hemendik aurrera sortuko diren eztabaidak eta erabakiak orain arte izan direnak baino transparentzia handiagoarekin gauzatzea gustatuko litzaiguke.
 
Dena dela, orain Udalbatzari dagokio jarri duen helburua betetzeko bitartekoak sortzea, jarritako helburua hitzetatik ekintzetara eramatea eta Azpeitian bilketa selektiboa bideratzea.
 
Bien bitartean, Azpeitia Zero Zabor taldeak ekindako bidean jarraituko du, Azpeitia ere Zero Zabor herri izan dadin bere esku dituen bitartekoekin lanean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide