Inposaketaz

Erabiltzailearen aurpegia

Pasa den urtea zalapartatsua izan zen Azpeitian hondakinen gaiari dagokionez. Zero Zabor taldea sortu eta hondakinen inguruko filosofia hau herriratzen saiatu ginen batzuk, beste batzuk herritarrak beldurtu eta apokalipsiaren deia zabaltzen zuten bitartean.

Bilketa sisteman bakarrik kokaturiko aldaketa bat ikusi nahi izan zuten batzuk, interes ezkutuetan oinarrituriko aldaketa bat, inposizioz ezarria eta herritarrak inposizioz birziklatzera behartuko zituena, benetako aldaketa zein den ikusi nahi ezik.

Gipuzkoan sortu den eta zabaltzen ari den aldaketa ez da bilketa sistemaren aldaketa soila, oinarrizko aldaketa bat da, hondakinen inguruan gizarte gisa dugun jokaeraren aldaketa. Urteetan atzera eginez ez da hainbeste denbora etxeetan sortzen zen zaborra normaltasunez ibaira botatzen zela. Zaborra edozein tokitan botatzetik, edukiontzi grisean dena pilatu eta zabortegira botatzeko aldaketa etorri zen ondoren (inposaketa ote?). Duela urte batzuk, gauzak hobeto egiten hasi eta herritar batzuk hondakinak pixkanaka sailkatzen hasi ginen, jokaera horren onurez jabeturik, beste herritar askok dena nahasita botatzen jarraitzen zuten bitartean. Herritar batzuk aurrerakoi jokatu eta gizarteari eta ingurumenari eragindako kaltea txikitzen zuten bitartean, sektore atzerakoiak ez du inolako pausurik eman gaur arte. Jokabide horrekin jarraitu dugu zabortegiek gainezka egin diguten arte, urteetan Azpeitian horren ondorioak zuzenean bizi izan ditugularik; Lapatx zabortegiko kiratsa eguneroko ogia izan da guretzako.

Hau izan da ba gizarteak jasan duen benetako inposaketa. Gizartearen zati batek sorturiko hondakinekin nahi duena egiteko eskubidea mantenduz, gizarte osoaren ardura izan da horiek sorturiko arazoa bideratzea, denonak diren erakunde publikoen eskutik.  Herritar guztiok jasan behar izan dugu batzuek inposatu diguten zama. Egoera injustu honetan zabortegien kolapsoa iritsi da, eta orain zer? Batzuen hondakinak bereizteko ezkortasuna dela eta errauskailu baten eraikuntza onartu behar al dugu? Sekulako kostu ekonomiko eta ekologikoa eragiten duen jokabidea bermatu behar al dugu askatasunaren izenean? Azpeitiak urteetan jasan duen kaltearen testigua beste herri bati pasa behar al diogu?

Egoera honen aurrean herri batzuk ausardiaz jokatu eta aurrerakoitasunez bilketa sistema berriak ezarri dituzte, honekin batera sortzen dituzten hondakinak murrizteko neurriak hartuz. Sistema berri hauek gogor kritikatuak izan dira, baina zer da benetan horren atzean ezkutatzen dena, bilketa sistema bati kritika, edo sektore atzerakoiaren erosotasuna bermatu nahia, hondakinak ez bereizteko eta sortzen duten kaltea herritar guztion zama izaten jarraitzeko?

Gauzak horrela, Azpeitiko herriak eta bereziki udalak posizio bat hartu beharra du; erosotasunetik batzuek sortzen duten kaltea bermatzen jarraitu edo gizarte osoaren onura bilatuko duen bideari eutsi. Orain arteko isiltasunarekin behintzat ezin dugu jarraitu. Garaiz gaude gauzak ondo egiteko, eta gai honi dagokionez herri aurrerakoi bat eraikitzeko. Bilketa selektiboa dugu helburu eta hori lortzeko herriarentzat egokienak diren mekanismoak aktibatu behar ditugu, ahalik eta eztabaida zabal eta normalizatuenaren eskutik. Denon esku dago aldaketa sortzea eta ezin dugu aukera hau galdu.

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide