Kalakan bihar ETB-n, 'Bisitaria' saioan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2013ko api. 9a, 20:16

Zapatuan, Sanagustin kulturgunean izango dugu Kalakan talde ospetsua. Iparraldeko hirukoteak perkusio hotsen eta ahots ederren arteko ezkontza nola egiten duten erakutsiko digu. Haien lana ezagutuko dugu, beraz. Baina Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau nolakoak diren ezagutzeko aukera ederra eskainiko diguna ETBko 'Bisitaria' saioa da. Xabier Euzkitze haiekin egongo da bihar (asteazkena) iluntzean.

Kalakan taldea ezagun egin zen Madonnaren biran parte hartzeagatik eta derrepentean zabaldu zen sare sozialetan nola jarri zuten poparen erregina deitzen diotena euskaraz abesten (bideoan 03:50. minututik aurrera).

Itzuli erraldoi hura amaituta, hirukoteak lehengo bideari eutsi dio eta disko berria prestatzen dabil buru belarri. Bukatzear dira; maiatzean aurkeztuko dute, baina herriz herri hasiak dira zuzenekoekin. Biarritzen aurreko astean eta Donostian ere izan ziren. Bietan bete egin zituzten aretoak.

Zapatuan, Azpeitian izango dira Sanagustin kulturgunean. 23:00etan hasita. Sarrerak www.sanagustinkulturgunea.net edota kulturgunean bertan eskura daitezke.

Kontzertua: Kalakan + Izaki gardena.

Eguna: Apirilak 13, zapatua.

Ordua: 23:00etan.

Sarrerak: Aurrez 8€ / Egunean 10€ (kultur bonoarekin doan).