Gariren kontzertua hitzetan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2013ko api. 9a, 14:38

Gari ez zen aspaldi Azpeitira etorria "ez musikari gisa, ezta bisitari gisa ere". Bakarkako ibilbidea hasita etorri zen behin herriko plazara kontzertua ematera. Ordutik denbora asko pasatu eta gauzak ere asko aldatu dira. "Ez dira garai errazak musikarentzat" esaten zuen, baina aldi berean areto berria baten aurrean zegoen: "Ez nuen ezagutzen, baina esan zidaten leku ederra dela. Oso polita da", zioen Sanagustin kulturguneaz.

Ez da amaiera bakarkako ibilbidea hasi duenetik atera duen azken lana erakustera etorri zen. Hasi berri du bira. Idiazabalen egon zen, Bermeon, zapatuan Azpeitian eta Arrasaten eta Ondarrun egotekoa da, besteak beste. Oholtza gainean bi lagun ziren, Miguel Moyano eta Gari bera. Biak gitarrak eskutan, baina batek alboan teklatua eta besteak programatutako soinuak botatzeko ordenagailua zuten. Atze eta alboetan berriz pantaila handi batzuk. Eta denak, zuzeneko musikak, programatutakoak eta irudiak, bat egiten zuen kantak jotzean.

Denera, 100 bat lagun izan ziren kontzertuan. Nahikoa giro lasaia sortu zuen Garik, prestaturiko kontzertuak hala iradokitzen zuen. Jendeak ongi erantzun zion kanta berri bakoitzari. Amaiera aldera kanta zaharrak jotzen hasi zenean sortu ziren unerik politenak, jendea eta Gariren arteko harremanak orduan estutu ziren. Zaleek kantak eskatzen zizkioten eta Garik erantzun. Ordu eta erditik gorako kontzertua eman zuen, biana Garik amaitutzat eman bazue nere, entzuleek berriro aterarazi zuten eta gitarra akustikoarekin inprobisatu egin behar izan zuen errepertorioa.