Sanagustinen erretaula finkatzen, eta argiztapen hobea aurki

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2013ko api. 8a, 22:00
Sanagustin kulturguneko erretaulan aldamioa jarrita.

Udalak segurtasuneko sarea jarriko du, Sanagustinek abisua pasatu ondoren. Bestetik, kulturguneko argiztapenean aldaketak egingo ditugu: erabilgarritasuna irabaziko dugu, argiztapen hobea eta handiagoa izango da eta, bide batez, ekonomizatu egingo ditugu argiaren gastuak.

Sanagustin kulturguneko erretaula finkatzeko lanekin hasi gara gaur. 2010eko abenduan kulturgunea martxan jarri zenean, zenbait pieza kolokan zeudela ikusi zen eta hala abisatu genion Udalari. Aztertzen aritu da berriro —bere garaian, kulturgunea irekitzear zela, erretaulari eustea erabaki zuen, balio historikoagatik— eta sarea jarriko du orain.

Gaur hasi dira aldamioa jartzen. Lehendabizi pieza guztiak gainbegiratu eta finkatuko ditu, eta ondoren segurtasuneko sarea jarriko du. Bi aste iraungo dute lanek. Hala ere, horrek ez dio eragingo Sanagustineko kultur egitarauari, ezta ostalaritzari ere.

Argiztapen aldetik hobekuntzak

Kulturguneko argiztapenean aldaketak egingo ditugu, hobekuntza gisa. Izan ere, gaur egun dauden argiekin iluminazio finkoa daukagu eta erabilgarritasun aldetik ez oso praktikoa —adibidez, gora begira daude asko jarrita—. Hala, beste argiztapen mota bat jarriko dugu —lehendik daudenak bere horretan utzita— eta horrekin erabilgarritasuna irabaziko dugu, argiztapen hobea eta handiagoa izango da eta, bide batez, ekonomizatu egingo ditugu argiaren gastuak.

Hurrengo astelehenean —apirilaren 15ean— egingo ditugu aldaketako lanak, eta kulturgunea itxita egongo da egun horretan.

Azpeitiko Kultur Mahaiak Sanagustin kulturgunearen kudeaketa hartu zuenetik —2011ko uztailean—, hainbat hobekuntza egin ditu aretoan, zerbitzu hobea emate aldera.