Zapatuan Sanagustinen: sari-banaketa, monologoa eta Disko festa

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2013ko mar. 15a, 12:07

Arratsaldean hasiko gara, Azpeitiko Argazki Elkartearekin. IV. Gau Txori Argazki Rallyaren sari-banaketa eta lehiaketara aurkeztutako lanen proiekzioak ikusiko ditugu, 18:30ean. Beste bi ekitaldiak, iluntzean izango dira. Bakarrizketa 23:30ean hasiko da eta hau amaitzean Disko festa izango dugu. Biak Oihan Vegarekin.

Gau Txori Rallya

Otsailaren 23an egin zen IV. Gau-Txori Argazki Rallya eta lehen aldiz antolatu duten Herriz herri sariketarako lehen proba puntuagarria izan zen. 34 lagunek hartu zuten parte. Orain gutxi eman zituzten jakitera irabazleen izenak. Lehen postua Oscar Bailerentzat izan zen (150 euro eta garaikurra saritan); bigarrena (100 euro eta garaikurra) Carlos de Cosentzat; eta hirugarrena (75 euro eta garaikurra) Luis Javier Gonzalezentzat.

Bihar, sari-banaketa ekitaldia egin eta lehiaketara aurkeztutako lanen proiekzioak botako dituzte Sanagustinen, 18:30ean hasita. Ekitaldi berean, Azpeitiko Argazki Elkartekoek argazki rallyen nondik norakoen azalpenak ere emango dituzte.

'Euskararen espektakulue' monologoa

Oihan Vega polifazetikoaren beste ikuskizun bat da honako hau. Bakarrizketaren arlo zail eta arriskatuan sartu da oraingo honetan. Gainera, euskara hartu du gaitzat eta haren inguruan jardungo du solasean, "bakarrizketa komiko dibertigarri eta ironikoa" eginez eta "musikaz, kantuez eta zineaz lagunduta". Publikoarekiko interakzioa eta elkarrekintza bilatzen du, gainera.

Kepa  Errasti Euskal Telebistako gidoilari eta aktore ezagunaren laguntza izan du, film labur ‘sketch’ umoretsu sorta bat zuzendu baitu ikuskizun honetarako.

23:30ean hasiko da eta sarrera 5€tan dago. Eskuratzeko www.sanagustinkulturgunea.net atarian sartu edo kulturgunean bertan galde dezakezue —kultur bonoa dutenek doan izango dute sarrera—.

Disko Festa

Eta egunarekin amaitzeko, Oihan Vega hemen izango dugula probestuta, monologoarekin amaitzen duenean musikari ekingo dio. Disko Festa izango dugu umoreari eutsi eta iluntze alaia igarotzeko. Ateak zabalduko ditugu ordurako eta sarrera doan izango da. 01:30ak aldera hasiko da.

---

Argazki Elkartea. Sorrera: 1984. / azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com / Argazkiaren arloan Euskal Herriko elkarterik zaharrenetakoa da Azpeitikoa. Bere ibilbidean hainbat ekitaldi antolatu du: rallyak, lehiaketak, ikastaroak. / azpeitikoargazkielkartea.com / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

Sanagustin kulturgunea. Sorrera: 2010. / info@sanagustinkulturgunea.net, 674 165 700 / Azpeitiko Kultur Mahaiak kudeatzen du Sanagustin, 2011ko uztailetik. / Kulturgunearen izaera zabala eta parte hartzailea da. / Ostalaritza zerbitzua dauka. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak