Zerbitzu orokorretako lan poltsa osatuko du Udalak

Ainhoa Beristainek eta Aritz Epeldek eman dituzte lan poltsaren inguruko azalpenak.

Zerbitzu orokorretarako erabilera anitzeko peoien lan poltsa osatuko du. Oposizio-lehiaketa bidez egingo dute hautaketa prozesua, eta bihar hasi eta martxoaren 22ra bitartean eman beharko dute izena udaletxeko harreran.

Azpeitiko Udalak zerbitzu orokorretarako erabilera anitzeko peoien lan poltsa osatuko du. Oposizio-lehiaketa bidez egingo dute hautaketa prozesua, eta bihar hasi eta martxoaren 22ra bitartean eman beharko dute izena udaletxeko harreran.

Aldi baterako lan kontratuak egingo ditu Udalak, obra edo zerbitzuetarako, eta zortzi zerbitzu hauetan jardun ahal izango dute lan poltsan sartzen direnek: kale garbiketan, udal-eraikuntzen garbiketan, igeltseritzan, iturgintzan, lorezaintzan, pinturan, arotz eta elektrikari laguntzaile lanetan. Aritz Epelde zinegotziak azaldu duenez, "2004an osatu zuten azkenekoz lan poltsa, eta baliogabetuta dago egun".

Izena emateko gutxieneko titulaziorik ez dute eskatuko, baina lan esperientzia eta ikasketak kontuan hartuko dituzte. Gida-baimena edukitzea beharrezkoa da inskribatzeko. Lan poltsa osatzerako euskara maila neurtzeko ahozko azterketa egingo dute, eta zerbitzu orokorren gaineko azterketa teoriko eta praktikoa ere bai. Momentuan, zerbitzu orokorretan, bi lanpostu hutsik eta beste bi baja daude betetzeko.

Ainhoa Beristain zinegotziak azaldu duenez, "garrantzizko gai asko daude, baina enplegua da garrantzitsuena, eta lehentasuna du enplegua sustatzeak".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide