Irakaslekeriak

Erabiltzailearen aurpegia (Urola Kostako Hitza: Arkupean) 2013ko ots. 7a, 11:21
Enegarrenez entzun dut, beste behin: "Formazioa da gakoa". Formazioa, hezkuntza, ikastea. Txaketa, sigla edo koloreez gaindi, politikari guztiak ados jartzen dituen terminoa da. Baita enpresari, sindikatu eta langileria ere; aditu, irakasle eta ikasleak ere bai, gazte, heldu eta erretiratuekin batera, gizon zein emakume. Bale, ados gaude denok. Formazioa eta hezkuntza ezinbestekoak dira krisi ekonomikotik ateratzeko. Orain arte, behintzat, ez diot inori horren kontrako iritzirik entzun. Eta zalantzarik izanez gero, ekonomia manualek ere halaxe diote (kapitalismoarenak, noski).
 
Egungo langabezia ziklikoa da, kapitalismoaren zikloek dituzten lau faseetako okerrenean gaude (hondoa jotzen duena), eta horren eraginez hazi da hainbeste langabezia. Baina estrukturala ere bada, eta horrek esan nahi du egun dauden lanpostuetarako ez dutela beharrezko formaziorik langabetuek. Hala erakutsi digute ekonomia teoriek. Eta heldu diote premisa horri politikariek. Mentore eta zaintzaile gisa jarri dira, eta behatza altxatuta zera esan digute, errieta eginez: "Gaizki portatu zarete, alperrak jota egon zarete, ez duzue ikasi, eta orain zuena da errua". Ikasi egin behar dugula, formatu, eta etengabe gainera. Goitik esan digute, irakaslekeriaz.
 
Ahoz aho, agerraldiz agerraldi, eta mitinez mitin entzun dugu, eta errudun sentitu gara, geuk ere onartzen baitugu urte oparoetan zenbait kontu ahaztuta eta alboratuta utzi dugula. Eta erabaki dugu hastea. Langabezian gaudenok, joan gara Lanbidera, eta gogorarazi diegu ikastaroak egiteko interesa dugula eta zain gaudela. Pazientzia eskatu digute. Eta joan gara Hobetuzera eta begiratu dugu hango eskaintza. Ikusi ditugu interesgarri askoak, eta eman dugu izena. Baina esan digute nabarmen itxi dietela iturria, baliabideak asko murriztu dizkietela, eta ondorioz, eskaintza apalagoa dela. Berriro ere pazientzia. 
 
Eta joan gara unibertsitatera, ordaindu dugu urte osoko matrikula, eta aurreneko lau hilabeteko azterketetan gaudela, esan digute, belarrira, bigarren lau hilabetekoan klase presentzial erdiak emango dizkigutela. Lasai, ez naiz Euskal Herriko Unibertsitateaz ari (oraingoz). UNED Espainiako distantziarako unibertsitateaz ari naiz. Bai, badakizue, espainolak dira eta haiek egiten dituzte bidegabekeriak. Baina zer diren gauzak: zentro horren Gipuzkoako egoitza Bergaran dago, eta patronoen artean Kutxa, Gipuzkoako Diputazioa eta Bergarako Udala daude. Eta Eusko Jaularitzak ez du laguntzen.
 
Urola erdiko enplegu planaren barruan egindako diagnostikoak argi dio: gure bailaran langabezian dauden gehienak formazio oso baxua dute, 10 langiletik 6k ez du derrigorrezko hezkuntzaz haragoko ikasketarik. Formazioa, hezkuntza, prestakuntza lantzea ezinbestekoa izango da langabezian daudenak lanpostu berrietara egokitu eta lana topatzeko.
 
Bai, esango diguzue berriz ere, eta bai, ados gaude, "formazioada gakoa". Baina ikastaro soil batzuk konponduko al dute arazoa? Etengabekoa eta iraunkorra behar du formazioak, baita langileriarenak ere. 
 
Formazioa beharrezkoa da, baina ez krisi garaian soilik; baita bestelakoetan ere. Eta bai, denok jabetu behar dugu horretaz, ikastea norbere esku dago, eta ahalegina norberarena da. Baina ikasle txarrena ere erakartzen asmatzen du irakasle onak. Irakaslekeriak, berriz, uxatu egiten ditu, baita onenak ere.