'Denon Artean' auzotik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia XJ Auzolanean 2013ko urt. 28a, 10:00

2010eko martxoan XJ Auzolanean elkarteak 'bodega zaharra' alokatu zuen beren gauzak gorde eta bilerak egiteko txoko bat izate aldera. Aspalditikzuen elkarteak lokalaren beharra eta udalak pausorik ematen ez zuenez, elkarteko partaideek beren poltsikotik ordaindu behar izan zuten. Urte bereko festetan irabazi zen dirutik, auzotarrei dirua itzuli eta hilabete batzuetan lokalaren gastuak ordaintzeko poltsa egin zen. Poltsa hori amaitzear zegoela udalak diru laguntza ematea erabaki zuen gastuei aurre egiteko. Nahiz eta laguntza honekin gastuen erdiak soilik ordaintzen ziren.

2012ko otsailaren 10ean, XJ Auzolaneanen lokala publikoari zabaldu zitzaion. Auzoan lokal publiko baten beharra aspalditik zegoen gabezia zen elkartearen ustez, eta nahiz eta behin baino gehiagotan esan, udalak egoera horren aurrean erantzunik ematen ez zuenez, behin-behineko irtenbide gisa hartu zen erabakia. 

Ia urtebete pasa da lokala zabaldu zenetik eta, pixkanaka, bertako martxa handitzen doa. Dozenaka auzotar hasi da lokala erabiltzen eta euren lokal gisa sentitzen. Astero izaten da bertan auzotarren bat edo beste ekintza ezberdinetan, eta aipatzekoa iruditu zaigu pasa den asteburuan bertan 50 emakumek bazkaria egin izana.

Pasa den urteko 'Denon Artean' bilera parte hartzailean udalari batzar bat egitea eskatu genion egoera honen inguruan hitz egiteko eta ez genuen erantzunik jaso. Hilabete batzuetara udalean berriro ere bilera eskatu genuen. Eneko Etxeberria alkatea eta Aritz Epelde zinegotziarekin bildu ginen azkenean, eta lokalaren gastuak handitzen doazenez eta oraindik auzoan lokal publikorik gabe jarraitzen dugunez, udalari erantzun bat eskatu genion. Ordutik pasatu dira beste hilabete batzuk eta ez dugu inongo erantzunik jaso. Udalak ematen duen laguntzarekin gastuen erdia soilik ordaintzen da eta XJ Auzolaneani lokal honek barnebiltzen dituen gastuak eta elkartearen egoera ekonomiko justua dela eta, eskaini nahi lituzkeen ekintza asko eskaintzea ezinezkoa zaio. 

Beraz, beste behin, XJ Auzolanean elkarteak lokal honen gastuei udalak aurre egitea edota lokalaren jabearekin akordioren bat sinatzea eskatzen du. Jakinik, Azpeitiko beste elkarte gehienek badutela udalak emaniko lokal bat eta XJ Auzolaneanek ez duela halakorik, udalak ez duelako auzoan bertan bat ere.

Bestalde, azpimarratu nahi dugu auzoarentzat lokala zabalik dagoela. Pasa den urtean Aitonena II-an egin zen 'Denon Artean' bilera parte-hartzailea eta, egia esan, ez zen izan leku oso egokia. Aurten badugu auzoan elkartze hori egin ahal izateko lokal txukun eta zabal bat, baina udalak ez du kontuan izan eta bilera Betharrameko aretoan jarri digute. Ez dugu ulertzen udalak nola egin digun halakorik. Auzotik irtetera behartu gaituzte prozesu honetan parte hartzeko, auzoan bertan egiteko aukera badenean. Hala ere, jakin, XJ Auzolanean elkartea bertan izango dela eta bere aldetik dei egiten diela auzotar guztiei bertan parte hartzera.

Besterik gabe, horrelakorik berriro ez gertatzea espero dugu eta pasa den urteko eskakizunaren erantzun zehatz baten zain gelditzen gara.

Bide batez, aprobetxatu nahi dugu auzotarrak lokala erabiltzera gonbidatzeko eta baita, bihar, asteartea, 19:00etan Betharrameko aretoan egingo den 'Denon Artean' prozesuko bilerara agertzeko deialdia egiteko ere.

Bihar arte!