Inaxio Bastida 'Etxeberritxo' panderojolea hil da

Inazio Bastida 'Etxeberritxo' Esne Beltzaren kontzertu batean.

Bihotzekoak jota, 70 urterekin zendu da azpeitiarra. Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek adierazi dutenez, "ibilbide oparoa osatu zuen hainbat trikitilariren alboan". Bihar, ostirala, izango da Etxeberritxo-ren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan hasita, Parrokian.

Inaxio Bastida Etxeberritxo azpeitiar panderojolea zendu da bihotzekoak jota, 70 urterekin. Oñatz auzoko Etxeberritxo baserrian jaio zen 1943an. Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek adierazi duenez, "panderoa jotzen bere kasa ibili bazen ere, ibilbide oparoa osatu zuen hainbat trikitilariren alboan. 1979an Euskadiko Trikitixa Txapelketako final erdietara iritsi zen Joakin Errasti Epelarre-rekin batera".

Epelarre-rekin ez ezik, hainbat soinujolerekin aritu zen azpeitiarra; Astiasaran anaiekin edo Xabi Solanorekin Esne Zopak proiektuan, besteak beste. Gainera, Esne Beltzaren azken birako hainbat zuzeneko kontzertutan izan zen Etxeberritxo panderoa jotzen.

2010eko Sanjosetako Trikiti jaialdian, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak datu bilketa egin, eta Azpeitiko 36 trikitilari omendu zituen. Tartean, Inaxio Bastida Etxeberritxo.

Etxeberritxo-ren aldeko hileta elizkizuna bihar, ostirala, izango da, 19:00etan hasita, Soreasuko Sebastian Donearen Parrokian.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide