Joxe Ramon Garateri

Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea) 2013ko urt. 8a, 11:55

Ostiralean hil zitzaigun Joxe Ramon Garate. Urrestillan bizi izan zen eta are garrantzitsuagoa dena, Urrestilla bere baitan eraman zuen eta bihotz zein arima aritu zen herriaren eta herritarren alde lanean.

16 urtetan zinegotzi izan zen Azpeitiko Udalean, eta hemen, eguneroko lanean, borondatearekin eta gogotsu, herritarren bizi beharrez arduratu zen etengabe. Eta lortu zuen, lortu bazuen, Urrestillak Joxe Ramon udal arduretan zelarik aldaketa sakona izan baitzuen: euskararen garapena edo eraiki zuten pilotalekua ala bariantea dira horren adibide... hobekuntza nabarmenekin, gaur ezagutzen dugun Urrestilla ederra izateko pausu erraldoiak eman zituen.

16 urte izan ziren udalean lanean, eta urte horietan guztietan, herritarren konfiantza izan zuen. Eta ez dago zure bizilagunek, zauden lekuan zaudela, hala nahi dutelako, euren bizimodu hobeagoa eta oparoagoa egiteko aukeratua izateko konfiantza izatea eta beraiek ordezkatzeko ohorea izatea bezalakorik.

Joxe Ramon Garatek Urrestilla eta Euskal Herria zituen amets, eta ametsera bideratu zituen bere esfortzu handienak, eta horregatik, bere herrian errespetatua eta maitatua izan da. Baina ederki ulertu zuen Joxe Ramonek herriaren alde egitea ez dela elkarri mokoka edo traba egiten ibiltzea, gure ingurukoei laguntzen eta bizia errazten saiatzea baizik. Bakoitzak ahal duen lekutik, duen iritzi, ikuspegi, edo kolore politikotik ekarpenak eginez gure herria egiten ari gara, eta horretan Joxe Ramonen eredua oso garrantzitsua da. Joxe Ramonek lana egin zuen bere bizi osoan zehar, lan gogorra: harro egoteko arrazoiak badituzte bere ingurukoek.

Eta guri bere lanagatik eskerrak ematea eta berak irekitako bide eredugarriari jarraitzea dagokigu.

Urtarrila berria dugu Azpeitiko herrian. Urte berriak egunero egunsenti berriak ekarriko dizkigu, eta egun bakoitza esnatzean, adorez eta gogoz begiratu beharko diogu egunari. Gauzak hobeto egin eta hobetzeko borondatearekin, Joxe Ramonek egingo lukeen bezala.