Mila esker, Maria Jesus

Mikel Ibarzabal (Udaleko Festa batzordeburua) 2013ko urt. 4a, 17:12

Azken egun hauetan galdu dugu lagun berezi bat, Maria Jesus Garmendia, hain zuzen ere. Lanerako prest azaldu izan zen beti, eta horretan saiatu zen Azpeitiko Udaleko zinegotzi zenean ere. Baina, batez ere, gogoan edukitzekoa da ia azken hogeita bost urteotan zehar berak eskainitako laguntza, urtean behin ospatu ohi den Erregeen Kabalgatan. Iazko urtean bertan, ongi merezitako herritarren omenaldia jaso zuen Maria Jesusek, langintza horretan bertan aritu izan den Itziar Oiarzabalekin batera.

Zu ezagututa, Maria Jesus, ongi dakit horrelako errekonozimendurik ez zenuela espero, baina eman lezakeen guztia bere borondatez eskaintzen duena gogoan izaten du herriak, eta merezimenduak gainditu egin dituzu urteetan zehar, adin guztietako herritarrak kaleratu ohi dituen ekintza indartu eta aurrera eramaten saiatu zarelako.

Zu bezelakoak tartean direlako kaleratu ohi da Erregeen Kabalgata; ezkutuan oso gutxik ezagutzen duten lan aegiten delako, txantxetakoa ez baita erregeak ongi egokitzea, eta horrez gain beraien hamazortzi laguntzaileak eta musikariak, batez ere, kontutan izanik haien janzkiek ere prest egon behar dutela eguna iristerako.

Eginiko lanaren ondorioa ikustea zaila egin zaizu urte hauetan. Irteteko unean eta Enparantza Nagusira iristean soilik ikusi izan dituzu, besteak beste aurrez erabilitako gauza guztiak ere jaso egin behar izaten direlako tartean. Baina unetxo bakar horretan gozatzen zenuen, prestatutako Kabalgataren inguruan sortzen zen herritarren erantzuna ikusita.

Berriro hurbildu zaigu egun handia, eta zu bertan ez zarela izango jakiteak bultzatzen nau gaurkoan zu gogora ekartzera. Hutsune nabarmena sortuko da Kabalgataren prestaketan, azken urteetan zure laguntzaile izan diren gazteak, dudarik gabe, saiatuko baldin badira ere zure lekua betetzen. Une egokia izango duzu orain, gainera, zauden tokitik Kabalgataren ibilbide osoa ikusteko.

Berriro diot, mila esker, Maria Jesus.