Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak

Ainhoa Beristain (Udaleko Euskara batzordeburua) 2012ko aza. 28a, 11:45

Kontseiluak, Euskaraz bizi nahi dugu lelopean, datorren abenduaren 1ean, 17:00etan, Donostian egingo den manifestaziorako deialdia luzatu du.

Euskaraz bizi nahi dugu, horixe delako gure hizkuntza. Natural sentitzen duguna, natural egiten duguna eta egiten gaituena. Euskaldunak gara eta hala izan nahi dugu gero ere. Euskaraz ikasi nahi dugu, euskaraz lan egin nahi dugu, euskaraz hazi nahi dugu, euskaraz bizi nahi dugu. Gure egunerokoan, zoritxarrez, ez da beti posible izaten euskaraz egitea gure bizitzako arlo guztietan.

Hizkuntza zerbaitetarako bada, harremanetarako, komunikatzeko da. Belaunaldiz belaunaldi, urtez urte, hizkuntza-komunitate sendo bat eratzeko balio izan du euskarak. Etorkizunean ere, euskara izango bada, komunitate horrek iraun duelako izango da, guk iraun dugulako. Hori lortzeko ezinbestekoa da Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun guztiok euskara ezagutzea. Euskara jakitea aberastea baita, ez da justua hori ukatzea.

Jakitea ez da nahikoa ordea, hizkuntza harremanetarako, komunikatzeko behar dugunez, ezinbestekoa da, erabiltzeko aukera eta nahia izatea. Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskaraz biziko bagara euskararen eremuak sortu eta hedatu behar ditugu, horrela euskaraz bizi daitezen eta euskara bizi dadin.

Gaur egun Euskal Herriak bizi duen unea, testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Abenduaren batean aukera dugu euskaraz bizi nahi dugun orok geure hondar alea jartzeko. Pertsonatik pertsonara, taldera, taldetik auzora, herrira, Euskal herrira zabalduko den nahiaz aurrera egiteko.

Manifestazioan egingo dugun bezala, abenduaren 3an, Euskararen Egunaren baitan, herritarrei dei egiten diegu euskaraz bizitzeko nahiaren aldarria zabaltzeko herriko txoko guztietara.