Erabakiak

Alaitz Olaizola (Urola Kostako Hitza) 2012ko aza. 23a, 13:00

Jontxu, Jone eta Jokin gure seme-alabak dira. Senarrak Joseba izena duenez, hortik seme-alabei izen horiek jartzearen arrazoia. Jontxuk sei urte ditu, hamabi Jonek eta hamalau Jokinek. Jokin hogeita hamalau urte nituela jaio zen. Ama gaztea izan nahi nuela erabakita baneukan ere, Josebak presarik ez zegoela esaten zuen behin eta berriz. Gu biziko ginela aurrena, etorriko zela hazkuntzaren aroa geroago. Bikote batean bik hartzen dituztenez erabakiak...

Etxekoandrea naiz. Jokin jaio arte bulego batean egiten nuen lan, baina Josebak esan zidan, umea jaiotakoan, hobeto nuela etxean geratuta. Zer egina egongo zela franko, eta laguntzeko norbait hartzeko dirua bageneukan arren, umea amarekin egongo zela ondoen, eta bide batez, nik ere bizitza lasaiagoa izango nuela. Berak irabazitakoarekin soberan geneukala, eta ez kezkatzeko. Elkarrekin hartu genuen erabakia.

Umeak koxkortu zirenean, etxetik irteteko gogoa piztu zitzaidan. Gaztea nintzelarik, gauza berriak egiteko gogoa. Sukaldaritzako ikastaro batean izena eman nuen, beste gizon-emakume batzuekin batera. Astean behin pare bat orduz nire bizitza perfektuari are eta perfekzio gehiago gehitu nion. Sekulako platerak prestatzen ikasi nuen, egia da, baina Josebari ez zitzaizkion gehiegi gustatzen. Zertarako jan munduko ez dakit nongo platera, gureak bezalakorik ez badago inon? Jada oso sukaldari ona nintzela, ez nuela eskolarik behar, bera pozik zegoela, eta baita seme-alabak ere. Azkenean, denon artean hartutako erabakia izan zen.

Hilerokoaren zain nengoen batean, triste sumatu ninduen, depre. Umeekin mendira, elurretan jolastera joatea proposatu zidan. Ondoezik nengoela komentatu nion, triste. Triste? Triste egoteko motiborik ez neukala esan zidan. Ea zer falta zitzaidan ba zorion perfekturako. Hutsa bezala sentitzen nintzela aipatu nion, baina ahazteko, hilerokoaren zain nengoela eta horrek eragiten zidala makalaldia. Bazekiela benetan zer gertatzen omen zitzaidan: hirugarren ume bat ekarrita, dena konponduko zela gaineratu zidan. Hirugarrena? Jone eta Jokinekin oso zoriontsu nintzela, jada hazita zeudela, eta ez genuela besterik behar esan nion maitekiro. Denbora libre gehiago geneukala biok, nik, eta beste zerbait egiteko aprobetxatu nahiko nukeela. Hirugarren ume horrek oso zoriontsu egingo zuela aitortu zidan berak, txikia zela hiru umeren aita izango zela amets egiten zuela. Mesedez... Arratsalde hotz hartan bertan egin genuen hirugarrena... Bere ametsa beteko bazen, elkarrekin hartutako erabakia izan behar zuen...

Duela gutxi afaltzera joan ginen Josebaren lagun batzuekin. Ez zaizkit Josebaren lagunak gustatzen, baina ditugun bakarrak dira. Afalostean, gainontzeko emakumeak bezala, kopatxo bat hartzea bururatu zitzaidan. Aitak etxean patxarana egiten zuen, eta gazteak ginela noizean behin tragoxka bat eman ohi zigun probatzeko. Oroitzapen onak ekartzen zizkidanez, patxarana eskatu nuen. Mahai burutik egin zidan keinu Josebak, ea zertan ari nintzen galdetuz buruaz. "Nahi duzu tragoxka bat, maitea?", galdetu nion. Ezetz, banekiela berak ez zuela alkoholik edaten. Begiak irekiarazi zizkidan, eta bai, elkarrekin hartutako erabakia izan zen.

Bart gauean, etxeko txikienak, Jontxuk, kalean topatutako paper bat atera zuen motxilatik. Irakurtzen ikasten ari da, eta ikusten duen oro jasotzen du, gero, etxean patxadaz irakurtzeko. "Ama, ikusi zein ondo irakurtzen dudan: beldurrak gurekin jai. Ikusten? Lehenengoan, batere trabatu gabe. Baina, zer esan nahi du?".

Hamalau urteko seme Jokinen begirada sumatu nuen kokotean, serio, triste. Ez nintzen begiratzera ausartu, ez nuen balentriarik izan.

Eta Jontxuk: "Ama, aitak puta deitzen dizunean, beldurra izaten duzu, edo txantxetan esaten dizu?".

Jokinek Jontxu hartu, eta berandu zela esanez, ohera eraman zuen, ipuin bat kontatuko ziola aginduz.

Gaur, indarberrituta esnatu naiz, jaio naiz, banaiz. Erabakia, neuk bakarrik hartutakoa izan da.