Emakumeen aurkako biolentziarik gabeko gizarte baten alde

Aitor Aranguren (Hamaikabateko zinegotzia Azpeitiko Udalean) 2012ko aza. 20a, 13:11

Azaroak 25ean 52 urte beteko dira Trujillo Generalak Dominikar Errepublikan Mirabal ahizpen hileta agindu zuela. Emakume adoretsu horien omenez eta bizitzan zehar  biolentzia mota ezberdinak jasan dituzten eta jasaten dituzten emakumeen omenez, 1981. urtetik azaroak 25a egun seinalatua da egutegietan.

Testuinguru honetan, garrantzitsua da finkatzea non sustraitzen den biolentzia horren oinarria, gizartean dauden emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunetan hain zuzen.  Genero indarkeria, desberdintasun hauen ondorio larriena  baita.

Ezin ukatu gauza asko lortu direla emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean;besteak beste, legegintzako tresna gehiago ditugu, eta hauek ahalbidetu dute, batetik, emakumeen eta gizonen lege-berdintasuna, eta bestetik, bizitzako arlo guztietan baldintza berdinetan parte hartzeko eskubidearen aitorpena: gizartean, kulturan, politikan, ekonomian eta familian.

Hala ere, aurrerapausoak aurrerapauso, oraindik lehenean jarraitzen dute desberdintasun askok. Gizon eta emakume izateko eredu berdinarekin jarraitzen dugu eta, oraindik ere,  emakumezkoen artean lantzen diren baloreak eta gizonezkoen artean lantzen direnak desberdinak dira. Bestalde, etxeko lana eta pertsonen zaintza oraindik ere emakumeen eskuetan dago portzentaia handi batetan eta hauek ekoizpen lanaren alboan balio gutxi daukate. Ezin ahaztu, lan banaketa honek egiten duela posible gure gizarteak duen eredu sozio-ekonomikoa.

Indarkeria jasaten duten hainbat emakume, batez ere isiltasunean jasaten dutenak, gogoratu nahi ditugu eta gure gizarteak bizi duen gaitzik handienetako honen aurrean, adierazi nahi dugu gure gaitzespenik gogorrena emakumeen aurkako indarkeria modu orori, dela hitzezkoa, gorputzezkoa nahiz sexuzkoa, dela familiako testuinguruan nahiz espazio publikoan, dela bikotearen nahiz bikote ohiaren esparruan, dela laneko testuinguruan, harremanetakoan nahiz jaietakoan. Indarkeriagatik aske dagoen gizarte bat eraikitzen dugun momentuan izango bai dugu benetako gizarte aske bat.