Kalea denona denez…

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2012ko aza. 10a, 00:34

Arratsaldeko zortziak hamar gutxi dira. Hamar minutu besterik ez zure gauzak bildu eta lantokitik ateratzeko. Eta astelehenera arte ez duzu bueltatu beharrik. Dagoeneko hasi da hotza kalean. Eguneko argi orduak gero eta laburragoak dira. Ilundurik sartzen zara bulegora goizero, eta gauean ateratzen zara arratsaldero.

Ostiralean pentsatzeak, eta asteburua badatorrela gogoratzeak laguntzen zaitu eguneroko lan karga aurrera ateratzen. Tira, ordua da.

Bulegotik ateratzen zara. Txaketa, bufanda, laneko bandolera… Ostiralero moduan, lagunekin gelditu zara pote batzuk hartzeko. Plaza alboko tabernan elkartzen zarete. Irish estiloa duen horretan.

Gari garagardoak eta garagardo beltzak azkar husten dira zuen mahaian. Dozena erdi pasa ekarri ditu dagoeneko kamareroak. Jon, zure lagunmina; Iker, bere mutilaguna; Maite, zure lankidea; Sara eta zu. Sara berezia da zuretzako. Maiteminduta zaude, barru-barruraino, baina ez diozu inoiz esan. Une goxoak igarotzen dituzue elkarrik, eta bera da ostirala iristeko zure gogoen arrazoi nagusia.

Konturatzerako, taberna usten ari da. Jende gutxi dago bertan jada. Mahaiak garbitzen ari dira. Erlojua begiratzerakoan, asko berandutu dela konturatzen zarete. Elkar besarkatu eta etxera abiatzeko prestatu zarete.

Ez zara kotxean etorri. Badakizu ostiraletan garagardo batzuk hartzen dituzuela lana amaitutakoan, eta ez duzu ez zure bizitza ez besteena arriskuan jarri nahi. Txaketa goraino lotzen duzu. Bandolera gurutzatuta, atzeko aldera botatzen duzu, ipurdi aldera. Bufanda lepo inguruan, zure aho aldea ere tapatzen duela. Tabernako atea pasatu ahala, hotza. Sekulakoa. Neguan gaude!

Kale huts ixiletan barrena zoaz. Etxea ez duzu urruti, baina gauean, bidea oso luzea egiten da. Tipi-tapa aurrera zohazela, zure errore batez gogoratu zara. Ez zara komunera joan. Altxatzean garbitzen ari ziren, eta mahaian zeudeten bitartean, ez zara gogoratu ere egin. Orain, pixalarriz zaude. Baina oraindik falta da zure etxera iristeko. Kalkulua egiten duzu, ez dakizu iritsiko ote zaren. Eta ez bazara iristen?

Beste irtenbideak aztertzen hasi zara. Taberna batean sartuko zinateke, baina gaueko ordu txiki hauetan, denak itxita daude dagoeneko. Zein beste irtenbide duzu? Etxera ez zara iritsiko.

Aja! Badakizu zer egin. Etxera bidean, zauden lekutik pare bat minutura, parke bat dago. Bertan, haurren gozamenerako, badago komuna.

Bertara hurbiltzen zara supituki. Bazoaz, ez dakizu iritsiko ote zaren. Atean zaude, eskulekuari heltzen diozu… Itxita dago!

Eta orain zer? Atzealdean, badira zaborhontzi handiak. Horien alboan eskutaturik egingo duzu.

Ari zara. Hotzaren hotzez, baina zure maskuria bere onera bultatzen hasi da. Hau da plazerra!

Amaitu ez duzunean, zarata bat entzuten duzu. Gero eta gertuago, zuregana dator, parkeko sastraka artetik dator…

STOP!

Ez zaizu horrelakorik inoiz gertatu? Kale gorrian egon, eta komunera joateko beharra sentitzea? Gizonezkoak errazago omen dugu, baina tira... Horrek esan nahi du bizikidetzari uko egin behar diogula? Gure inguruan ez dago irtenbide asko. Tabernenak ez dira komun publikoak, baina askotan bertara jotzen dugu beste irtenbiderik aurkitzen ez dugunean. Bestela, kalean! Izkutuan aurkitzen den horma horren gertuko bizilagunen kaltetan, itzala egiten duen eta ni tapatuko duen furgoneta horren jabearen kaltetan... Kalea denona da, bai. Baina gure pixka ere bai?

 

(Urola Kostako Hitzan argitaratua urriaren 4an)