Independentzia

Ainhoa Beristain (Udaleko Euskara batzordeburua) 2012ko urr. 19a, 13:46

Kataluniari begira egon dira begi guztiak azken asteotan, arreta Mediterraneorantz bideratzeko egunak izan baitira, inolako zalantzarik gabe: irailaren 11ko Diadako manifestazioa, PSCko zenbait buruzagik estatu propioa eskatzea, Artur Mas autodeterminazio galdeketa aldarrikatzen ikustea, futbol taldetako presidenteak soberaniaren aldeko iritziak irakurtzea...

Baina batez ere, gertakarien segidak baino, herritarrak politikarien aurretik bidea egiten ikustea izan da inbidia sorrarazi didana: irailaren 11an kalean, edo Bartzelona eta Real Madrilen arteko futbol partidaren aitzakian Camp Noun. Herri bat bezala agertu dira, ez aritmetika parlamentario soil, ez alderdi taktiken ondorio bezala.

Katalunia herri bat izaki, herri izaera hartu eta ozen eskatu dute soberania, askatasuna, independentzia: eta politikariek herriaren eskaerari erantzun diete.

Zergatik jarraitu dudan prozesua inbidiaz? Guk ez dugulako manifestazio jendetsurik antolatu, guk ez dugulako San Mames, Anoeta edo Reyno de Navarra bete independentzia eskatuz munduaren aurrean. Baina, orain dugu aukera, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hauteskundeetan igande honetan, Euskal Herrian tren independentista abian jartzeko lehen pausua izan daitekeenaren giroa dabilelako gure artean.

Munduan zehar independentziaren aldeko olatu zikloak izaten dira. Ziklo horietan leiho bat zabaltzen da, eta geurea bezalako herriei aukera bat zabaltzen zaie. Quebec, Eskozia, Katalunia… aukera horren leihoa, XXI. mendean eta Europan, parez pare ari zaigu zabaltzen orain.

Ematen duenez, indar abertzaleak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan nagusi izango dira: baina nahikoa al da independentziaranzko trena martxan jartzeko? Arrazoi ekonomikoak atzeratuko al dute independentzia? Ezinezkoa da independentzia ez lortzeko oztopo nagusia ekonomikoa izatea. Gure herri independenteak bideragarritasun ekonomiko ziurra du: gure eredu ekonomiko eta soziala eraiki dezakegu, beste nazio guztiek egin duten bezala.

Tren independentista martxan ez jartzeko arrazoiak juridikoak ote dira? Ez. Herri hau ezingo du ezerk geratu, ez Espainiako Konstituzioak ez beste ezerk, eta arrazoia sinplea da: hizkuntza eta kultura propioa dituen nazioa bat gara, eta gure buruari eragiten dioten erabakiak hartzeko gaitasuna dugu.

Arazoaren muina borondatea da. Ez gehiago eta ez gutxiago: borondatea. Horregatik, bada ordua, lehenik, Euskal Herriari berari mezua bidaltzeko: guri dagokigu, gure herrian dago gakoa, eta gako hori urriaren 21eko bozketan erabakiko da. Aukera historikoa da, eta, agian, ez da berriro errepikatuko. Benetako indar soberanistaren bitartez artikulatu behar dugu independentziaren bidea.

Herritarrok hauteskunde hauetan bozka independentistaz bete behar ditugu hautestontziak. Ardura ez dago erakundeetan, ardura ez dago politikarietan, ardura ez dago hauteskunde hauetako hautagaietan ... ez, ardura herritarrok dugu, eta independentzia izan behar du oihu nagusiak.

Independentzia edukirik gabe? Ez, independentzia herritarrak gizartearen erdian jartzeko. Eta independentzia gure lehentasun nagusienarekin uztartuta: lana, lana, eta lana. Lanpostu duinak sortzeko apustuarekin. Soilik gure etorkizuna kontrolatuz aterako gara krisi honetatik. Benetako herritarren aldeko politika publikoak, sozialak eta fiskalak abian jarriaz, Espainiatik datorkigun programa ekiditeko (murrizketa, murrizketa eta murrizketa programa): batzuek gehiago izaten jarraitu eta besteak pobreago. 

Ez gaitezen engaina, oraingoz, argi eta garbi hitz egin duen aukera soberanista bakarra, askatasuneranzko trena martxan jartzeko aukera bakarra, Ajuria Enean esertzeko aukera independentista bakarra dago.

Aukera orain ireki da, katalanek ireki dute eta zabaldu den aukera honetan sartzeko aukera historikoa dugu urriaren 21ean. Etorkizunean, agian, ez da aukera berririk izango urte askotan.

Eta independentzia nahi dugu. Mintegik larunbatean esan bezala, Estatu berri bat nahi dugu Europan. Eta Arnaldo Otegik Logroñoko kartzelatik adierazi zuen bezala, bukatu dira erdibide taktiko autonomistak: independentzia nahi dugu, burujabetasun erabatekoa, ekonomikoa eta politikoa, kulturala eta kolektiboa, gure herriarentzat eta Azpeitiarentzat, euskal herritar eta azpeitiarrentzat bereziki, aukera ona eta onena dela uste dugulako. Gure trena martxan jartzeko ordua da, Urola deitzen zioten, eta gure bihotzera doan zainik indartsuenetako bat da. Trena martxan  jartzen badugu ez da geldituko. Tarteko geltokirik ez dago. Herri hau ezin da gelditu.

Txartelak ez dira hartu behar, urriaren 21ean utzi behar dira hautestontzietan EhBilduren izenean.