Enplegua Sustatzeko Plana jarriko dute abian eskualdeko Udalek

Ezkerretik hasita, IƱaki Portilla Azpeitiko zinegotzia, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Leire Etxeberria Zestoako alkatea, Pello Bastarrika Azkoitiko alkatea eta Ainhoa Lopez Azkoitiko zinegotzia. (Ane Olaizola)

Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Beizama, Zestoa eta Aizarnazabaleko Udalek elkarlanean, Enplegu Sustatzeko Plana jarriko dute abian datozen egunetan. Aurkezpenean azaldu dutenez, "bizi dugun egoera, ekonomikoki, zaila da, eta horren aurrean egoeraren zergatiak ulertzen eta irtenbideak aurkitzen eta marrazten saiatuko gara". 

Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Beizama, Zestoa eta Aizarnazabaleko Udalek elkarlanean, Enplegua Sustatzeko Plana jarriko dute abian datozen egunetan. Gaur, osteguna, egin dute aurkezpena Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Udal ordezkariek, eta Leire Etxeberria Zestoako alkateak azaldu duenez, "egoera, ekonomikoki, zaila da": "Inguruko enpresak ixten ari dira, langileak kaleratzen ere bai, eta herritarrak zailtasun ekonomikoak dituzte. Hori dela-eta, Udaletako alarma gorriak piztuta daude". 

Horren aurrean, "egoeraren zergatiak ulertzen eta irtenbideak aurkitzen eta marrazten" saiatuko direla esan du Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak: "Herri ikuspegia gainditu eta eskualdeko ikuspegia hobetsiko dugu, hau ez baita herri baten edo bestearen arazoa soilik". Baztarrikak gaineratu duenez, "hitzekin baino ekintzekin gatoz hona": "Udal desberdinek adostu dugu enplegu plana, eta eskuz-esku arituko gara elkarrekin, irtenbide bila, eskualdeko bizilagunen on beharrez".

Plan horren helburua da, "epe labur, ertain eta luzera begira enplegua sortzea". Horretarako, plan bat diseinatuko dute, eskualdeko enpresetan lana sustatzeko. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu du plana garatzeko "hiru ardatz nagusi aurreikusi" dituztela: "Eskualdeko merkatuaren eta egoera sozio-ekonomikoaren diagnosia egitea, enplegua sortzeko bidean helburuak definitu eta estrategia marraztea, eta ekintza-planean garatu beharreko proiektu zehatzak aurkeztea". Lehenengo bi faseak hilabete eta erdian bukatzea aurreikusten dute, hau da, azaro alderako. Gero, datozen hilabeteetan, ekintza planak zehaztuko dituzte.

Etxeberriak jakinarazi du plana gauzatzeko 100.000 euro baino gehiago jarriko dituztela eskualdeko Udalek, eta Lanbiderekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan aritzea espero dutela. "Irtenbidearen garaia da eta ardura handiko zeregina da esku artean duguna. Ia asmatzen dugun arazoari irtenbidea ematen eta enplegua sortzen", esan du Etxeberriak.

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide