Azpeitiko Plan Nagusia: hausnarketak eta proposamenak

2012ko uztailaren 5eko Udalbatzan, Azpeitiko Hiri-Antolamendurako Plan Nagusiari hasierako onarpena eman zaio (neuk, Hamaikabateko zinegotzi bezala, ezin izan zuen bertan egon). Dokumentu honetan Azpeitiko garapena diseinatzen da 2020ko mugaraino. Beraz, Udalak duen estrategia-tresna garrantzitsuenetako bat da.

Hamaikabatek honako hausnarketa hauek ipini nahi ditu mahai gainean:

    • Zergatik ez dira herritarrak kontsultatu? Gutxi batzuk zergatik erabaki behar dute Azpeitiko etorkizuna? Plan hau herritarrei bizkarra emanez egin da, inongo parte-hartze prozesurik planteatu gabe. Planaren Aholku Batzordea zergatik bildu da behin bakarrik?
    • Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek (hasierako onarpena duen dokumentu berria), euskal udalerrien etxebizitzen oferta kuantifikatzen dute 2010-2017 epealdirako, Azpeitiarentzako gutxieneko ahalmena 904 etxebizitza izanik eta gehinez 1.292. Eta Azpeitiko Plan Nagusiak, berriz, 1.250 etxebizitza planteatzen ditu. Zergatik proposatzen da etxebizitza kopuru maximoa, gaur etxebizitzak saldu ezinik daudenean eta hazkunde demografikorik ez dagoenean?
    • Krisi ekonomiko eta sozial sakonean murgilduta gaudenean, Plan Nagusiak ez dauka etxebizitza eskariaren azterketarik. Hamaikabatek eskatu du eta Bilduk egiteari uko egin dio.
    • Herri erdian Azpeitiko Udala lurren jabe da, Frantziskanetan. Hamaikabatek eskatu du area hau lur urbanizagarri izendatzea Plan Nagusian eta Bilduk ezetz erantzun du. Hamaikabatentzat estrategikoa da area honetan eragitea Alde Zaharra biziberritzeko (etxebizitza berriak, aparkalekuak, plaza oinezkotzeko aukera paregabea, aisialdirako lekuak, ibaia berreskuratu...). Bildurentzat ez al da estrategikoa Alde Zaharra eta herri erdia biziberritzea eta berreskuratzea? Udalak zergatik ez du nahi bere jabetzako lurretan (herri erdian) aritu?
    • Ezker abertzalea pasa da Izarraizpe-Esklabetan etxe bat ere ez onartzetik, 150 etxe planteatzera (gehienak babes ofizialekoak) 201eko abenduan eta orain 274 asumitzera (gehienak etxebizitza libreak). Zergatik?
    • Eta Soreasu-Madalena? Eta Juan XXIII? Zergatik ez da inongo aktuaziorik planteatzen ahaztutako zonalde hauetan?
    • Plan Nagusiak bariantea Oñatz aldetik planteatzen du, Bilduk badaki ez dela egingo. Zergatik ez da planteatzen Loiolan lotura berri bat eta berrerabili Loiolatik Garmendigainera doan bidea?
    • Plan Nagusiak Larringo area planteatzen du industriarentzako lur berri bezala, jakinda ez dela egingo. Bitartean, Landetako industri gunea itzaltzen eta indargabetzen, pabiloi zarrekin eta hutsekin. Zergatik ez dago planik Landetarako, zergatik ez da berehala Landetan eragiten?
    • Zergatik planteatzen da kanporanzko hiri-hazkundea eta ez zaio lehentasuna ematen barruranzko hiri-hazkundeari, azpeitiarren bizi-kalitatearen hobetzeari apustu eginez?
    • Plan Nagusiaren dokumentua gaztelaniaz bakarrik dago. Eta euskaraz zergatik ez?

Zergatik?

Hamaikabatek lan egingo du Plan Nagusi hau hobea eta azpeitiar guztiena izateko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide