Bakarrik hizketan

Joxean Agirre (Gipuzkoako Hitza) 2012ko eka. 15a, 18:15

Lehen bakarrik hitz egitea gaizki ikusita zegoen, arinkeriaren seinale zelako. Orain, gutxi gara kalean edo paseoan solaskide urrunen batekin hitz egin gabe goazenak. Zertaz hitz egiten duten? Entzumenean arazoak ditut, zorionez, eta ez diet askorik entzuten. Tarteka, beti dago telefonoaren aroa baino lehen bezala hitz egiten duenen bat. Horiei bai, entzuten diet eta esaten dutenak ez du inolako interesik.

Gu umeak ginela, haizearekin argia joaten zenean, gau ilunean askotan, senide guztiak elkar hartu eta bizkar batera joaten ginen eta handik denak batera egiten genuen hots: "Artañolaaaa!" (Artarinola pare bat kilometrotara dagoen baserria zen eta da) eta halakoxea zen egiten zuen isiltasuna, non baserriko sukaldetik Migelek, transformadorearen arduradunak, entzuten zuela. "Zeeeer?", galdetzen zuen eta berriro denok batean "Argiyeeee!" esaten genion. Elkarrizketa harrigarri horren ondoren, berehala argia etorri ohi zen.

Antzera hitz egiten jarraitzen dute batzuek, baina bakanak dira. Gehienak bakean baina txutxumutxu etengabean doaz beren egitekoetara edo datoz beren egitekoetatik. Bikoteak ikusi ditut horrela, bakoitza bere aldetik hirugarren edo laugarren batekin hizketan. Nago ez ote duten elkarrekin hitz egiteko ere mugikorra erabiltzen.

Neuk ere tarteka, aldarte oneko nabilenean, mugikorra atera eta, nori deiturik ez dudanez, bizpahiru esaldi bota ohi ditut, neure buruari adarra jotze aldera. Orain dela egun batzuk semaforo batean ondoko gidaria eskuekin haztamuka norbaitekin hizketan ikusi nuen. Hurrengo semaforoan neuk ere norbaiti epelak esaten ari nintzaion itxurak egin nituen, baina pasatu egin nintzen nonbait, ondoko autoko gidariak arraro samar begiratu zidala ohartu bainintzen.

Batzuetan pentsatzen dut bakarrik hizketan ari diren guztiak ez direla mugikorrarekin edo mikroa soinean atxikita ibiliko. Iruditzen zait adin batetik aurrera etxean ordu asko ematen dituztela zakurrarekin bakarrik hizketan eta, kalera ateratzen direlarik, ohiturarekin jarraitzen dutela.

"Eguneratu egin behar duzu", errepikatzen didate etxean. Behingoagatik jaramon egin eta urtero errepikatzen ari naizen ingeles ikastaroaren grabazioarekin joan nintzen joan deneko batean kiroldegira. Nahi gabe hasi nintzen bakarrik hizketan eta, nire ahoskatze traketsa tarteko, irribarre banarekin sumatu nituen ondokoak eta barrezka ere bai bakarren bat.

Ez da erraza eguneratuta bizitzen. Joan den igandean Getariatik itzulia egin eta Zarauzko malekoian sartu nintzelarik, Atez Ate letra larriz idatziko zuen mahai batekin egin nuen topo. Betaurrekorik gabe nentorrenez, ez nuen letra txikirik irakurri. Bazela ordua bururatu zitzaidan Zero Zabor leloaren alde kalera ateratzeko eta bitan pentsatu gabe neure izen-abizenak eta sinadura jarri nituen. Etxera joan eta beste behin entzun behar izan nuen eguneratu egin behar dudala, kalean kanpaina egiten ari diren bakarrak Atez Atekoaren kontrakoak direlako.