Ostiralean hasiko da Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketa

Txapelketan parte hartuko duten erremontistak, Matxin II, Manuel Unanue zinegotzia eta Francisco Sistiaga Oriamendiko ordezkaria, aurkezpena eta gero.

Sei bikotek hartuko dute parte txapelketan, bi taldetan banatuta. Partidak 18:30ean izango dira, ostiraletan, eta finala ekainaren 15ean izango da.

Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketaren lehen kanporaketako partidak ostiralean, hilak 25, jokatuko dira 18:30ean hasita, Izarraitz pilotalekuan. Sei bikotek hartuko dute parte txapelketan, bi taldetan banatuta. Finala ekainaren 15ean, ostirala, izango da.

Hamabi erremontistetatik bost azpeitiarrak dira: Labaka, Otaegi, Jon, Aizpuru II eta Urko. Hiru, Matxin III, Matxin VI eta Agirrezabala Matxinbentakoak, eta Etxeberria IV Urrestillakoa. Gainontzeko hiru pilotariak Aizarnazabalekoak dira: Etxabe II, Zubizarreta eta Zulaika. Jagoba Labaka, Unai Otaegi eta Joxin Aizpuru afizionatuak dira. Manuel Agirrezabala Matxin II.k esan zuenez, "profesional mailara pasatzeko dauden hiru pilotari horiek dira aurtengo berrikuntza. Gainera, beraien jokoa erakusteko aukera izango dute txapelketan".

Ostiralean izango da lehenengo kanporaketa, eta lehenengo partidan Matxin III eta Labaka eta Etxabe II eta Zubizarreta arituko dira nor baino nor. Bigarren partida, berriz, Etxeberria IVk eta Aizpuru IIk eta Zulaikak eta Urkok jokatuko dute. Bigarren kanporaketa ekainaren 1ean izango da eta Otaegi eta Ion zein Matxin VI. eta Agirrezabala sartuko dira lehian. Lehenengo kanporaketako galtzaileen kontra arituko dira. Ekainaren 8an jokatuko dituzte beste kanporaketak, eta ekainaren 15ean izango da finala. 

Kanporaketetako sarrera doakoa izango da, baina finalean zerbait ordaindu beharko dela jakinarazi dute antolatzaileek. Bestalde, Manuel Unanue Udal zinegotzia ere aurkezpenean izan zen, eta "datorren urteetara begira zerbait egin beharko dugu txapelketari indarra emateko", esan zuen.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide